maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Ibon

2016ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Irudika ezazu zeure burua eri. Demagun sukarra duzula, edo goitika nahia, ala zintzurreko mina, sekulakoa. Ez dakit zuek, baina nik horrelakoetan hurbilekoen goxotasuna izaten dut gehien faltan. Eta aitortu behar dizuet: behin baino gehiagotan egin izan dut gurasoen ala amatxiren etxera ihes horrelakoetan, haien babespean minak sendatzera. Eta nola eskertzen den ondoan izatea norbait ur beroaren poltsa aldatuko dizuna, prestatuko dizuna ur, limoi eta eztiz egindako edabe samin baina osagarri bat, gaizki sentitzen zarenean bi muxurekin segurtasuna emanen dizuna...

Bada, orain irudikatu egoera bera, baina Lannemezango espetxeko lau pareten artean. Eta ez ama, ez mediku, ez ur-limoi-ezti eta poltsa beroa aldatuko dizun inor ondoan. Eta, demagun, gainera, ez duzula sukarra, baizik eta gorputza mindu eta nekea eragiten dizun gaitz bitxi bat, geroz eta gehiago jaten dizuna gorputza. Eskatzendizuna elikadura zorrotz zaintzea, ariketa bereziak egitea kinesiterapeutarekin...

Baina horren partez ematen dizutela bi astean behin erosketa zerrenda bat, non agertzen diren hallal oilaskoa eta kasher elikagaiak, baina ez zuk behar dituzun produktu freskoak; edo, baldin badaude, garestiegi. Eta medikua ere oso noizean behin agertzen zaizula, eta ez zuk behar bezala. Tartean, joan-etorriak Pauera ala Parisera, epaile batetik bertzera jauzika, batek Pirinio Atlantikoetan bizitzera behartzen zaituela Frantziako Estatuan bizitzeko debekua kendu gabe; bertzeak eritasuna espetxearekin bateragarria dela erraten dizuna, baldin zaintza egokirik jasoko baduzu... Eta, bitartean, denbora aurrera.

Larunbatean egoera jasanezin hori salatzera joanen dira, agian, milaka lagun Baionako karriketara. Espetxeetako baldintzak hobetzeko kartzela gehiago eraiki nahi dituzten frantses «sozialista» horiei galdegitera, jar daitezen, behingoz, Ibonen azalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.