xabier martin
GEURE KONTU

Inoiz izan ez zen greba orokorra

2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Joango da 2021. urtea, eta greba orokorrerako deialdirik ez dute egingo euskal sindikatuek; pentsio eta lan erreformak onartuko dituzten urtean ez dute mobilizazioen arteko protesta indartsuenera deituko. Eta ez da izango erreforma horiekin oso kritiko ez direlako, ezta esaten ez dutelako ere legedi aldaketa horiek ondorio sakonak izango dituztela euskal herritarren bizitzan. Bai ELA eta bai LAB jokoan dagoenaz ohartarazten ari dira aspaldi honetan, baina gutxieneko adostasun hori ez da nahikoa izan gehiengo sindikalaren bi hankek erritmo eta noranzko berean aurrera egin dezaten.

Konpasaturik gabeko pausoak ez dira albiste, ordea, sindikatu abertzaleen kasuan. ELA eta LAB bat datoz ardatz nagusi batzuetan: oinarrizko jotzen dute euskal eragileek erabakitzea negoziazio kolektiboa, estatalizazioa kanpoan utzita; euskal langileek erabakitzea, alegia, haien lan eta bizi baldintzak zer-nolakoak izango diren patronalarekin negoziatu ondoren, eta Madrilekiko mendekotasunik gabe. Euskal errepublika baten beharraren aldarrian ere ados dira; bi eskaerak hertsiki loturik daude, ez alferrik. Baina luze gabeko estrategian ez datoz bat, eta errealitate hori oso argi islatu da azken urteetan.

Ezin da ahaztu aliantza estrategiko bat egiteko saioaren porrota utzi zuela 2018. urteak. Ekintza sindikal bateratua eta subiranotasunari bidea zabaltzeko gehiengo berriak bilatzen zituen prozesu hark, eta negoziazio luzeen porrotak zauri sakonak eta mesfidantza franko utzi zituen hala ELAn nola LABen. 2020ko urtarrilaren 30ean, pandemiaren bezperako greba orokorrera eraman zuen hurbilketak iradoki zuen bideak lurmendu egin zirela gehiengo sindikalarentzat, baina lur labainkorrean ari da erantzun bateratuak bilatzen dituen ekimena, batez ere greba orokor bat negoziatzen denean.

Epeak eta protestaren noranzkoa

Zer gertatu da, ordea, inoiz izango ez den greba horrekin? Aurtengo Maiatzaren Lehenean helarazi zuen LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk greba orokor bat egiteko aukera mahai gainean zegoela. ELAn ez zuten oso ondo hartu iragarpen hori, baina ez zioten atea itxi lanuztearen aukerari. Are, udaz geroztik sindikatu biek indarrez hauspotu dute lanuztearen deialdiaren aukera. Hainbeste, ezen zabaldu baitzen han eta hemen egun zehatza jartzea baizik ez zela geratzen. «Abenduaren 1a», aurreratu zuten batzuek.

LABek bultzatu du gehien greba deialdia hasieratik, eta sarritan azaldu du «Euskal Herritik eta Euskal Herrirako» izan behar zuela, alegia, «Madrilgo Elkarrizketa Sozialerako mahaiaren barruan egon gabe». ELAk ere hasieratik esplikatu du greba egiteko «nahikoa arrazoi» badirela, baina 2020ko U-30 grebaren azterketa kritiko batek badu bere pisua sindikatuaren zuzendaritzan, eta helduleku zehatza eta argia eman nahi izan diote pandemiaren osteko lehen greba orokorra izan behar zuenari. Lan eta pentsio erreformak jarri nahi izan dituzte protestaren izan eta funts gisa, eta horrek ekarri du Madrilgo prozesuaren mende jartzea greba, Madrilgo agendaren mende.

Ondorio jakin batzuk bilatu ditu ELAk lanuztearen bidez: «benetan eragitea» eta erreformak bozkatu behar dituzten euskal alderdi politikoak «estu hartzea» da haren hautua. Hau da, EAJ baina baita EH Bildu ere estu hartzeko protesta diseinatu du Mitxel Lakuntzaren sindikatuak. Eta diseinu horretan ez du lekurik aurkitu greba 2021. urtearen barruan egiteko: pentsio erreforma onartu eta bozkatu ondoren, lan erreforma egun gutxian onartuko du gobernuak, eta dekretu hori urtarrilean bozkatzekoak dira euskal diputatuak Espainiako Kongresuan.

Agertoki horretan, LABek jakinarazi du greba orokorrera deitzeko aukera «zapuztu» egin dela, eta amaitutzat jo du grebara eramango zuen prozesua. LABek urtea amaitu aurretik nahi zuen greba, eta salatu du ELAk nahiago izan duela deialdia atzeratuz joatea. Lakuntzaren sindikatuak, ordea, ez du inoiz epe zehatzei buruz hitz egin, eta jakinarazi du deialdiaren aukera ez duela baztertu. Konpasaturik gabe, dantza soltean hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.