Albistea entzun

GEURE KONTU

Alokatu, eta 'gurea'

Donostiako erdialdeko etxebizitza bat alokagai.
Donostiako erdialdeko etxebizitza bat alokagai. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2021eko irailak 19

Noizbait etxe agentziaren batera jo eta etxebizitza bat alokatu duten askok entzuniko esaldia da hurrengoa: «Eta gurea, hilabete da». Gurea, etxe agentziek pisuaren jabearen eta alokatzera doanaren arteko artekaritza lanarengatik kobratzen duten komisioa da. Zerbitzu horietan sartzen da pisua erakustea, sustatzea, alokairu agiriak egitea... Zerbitzu horien prezioa librea da, agentzia bakoitzak nahi duena ezar dezake, baina oso zabaldua dago etxebizitzaren alokairuaren hilabete baten adinakoa izatea. Batzuetan jabe eta maizter berriaren artean ordaintzen da, baina gehienetan maizterrak ordaintzen du bere osotasunean. Hain dago hedatuta ohitura hori, Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) mugatzea erabaki baitu, bai behintzat Bilbon. Haren ustez, agentzien arteko balizko adostasun horrek kalte egiten die bezeroei.

Iazko azaroan jakinarazi zuen LEAk Bilboko 36 etxe agentziari zigor txostena irekiko ziela. Prezioak adosten zituztela erakusten zuten «arrazoizko zantzuak» aurkitu zituen. Zerrendan, Bizkaiko hiriburuko hainbat agentzia ezagun zeuden. Albisteak ikusmina sortu zuen. Horren eredu, egun hartan gehien irakurritako albisteetan bigarrena izan zen Berria.eus-en. Txosten irekieran ez zen zehazten alokairuen prezioak edo komisioak adostu ote zituzten, baina orain jakin da zerbitzuen prezioarengatik ikertu dituztela. Guztiek hilabetea kobratzen zutela, eta LEAren ustez, «tokian tokiko ohitura» bat izatea ez da nahikoa arrazoi guztiek salneurri bera izateko.

2019ko azaroan hasi zen ikerketa, eta lur gaineko lanak hiru hilabete iraun zuen. Bilbon 143 etxe agentzia daude, eta 36ri ireki zieten txostena. Ondoren, bere burua defendatu eta azalpenak emateko epea ireki zitzaien, eta hamar hilabete geroago ebazpena iritsi da: LEAk akordio bat lortu du, 28 etxe agentziarekin hilabete bateko salneurria alboratu dezaten —Ebazpenaren arabera, 2019an etxebizitza baten alokairu prezioa 742 euro zen batez beste, Bilbon—. Aurrerantzean, bakoitzak bere salneurri propioa izango du, eta ez du informazio hori partekatuko besteekin. Akordio batekin amaitzea agintaritzaren araudiaren barneko formula da.

Bilboko 28 agentzia horiek haien komisio berria zein izango den jakinarazi diote LEAri, eta denetarik dago: kopuru finkoak, alokairuen batezbestekoak... Bakoitzak bere irizpideen arabera zehaztu du, eta, agintaritzaren ustez, ez dago elkarren artean akordio bat lortu duten zantzurik. Borondate oneko keinu bat da, eta, agintaritzaren ustez, «arau hauste larri» batekin amaituko da, eta prezio lehiakor berriak ezarriko ditu, bezero eta maizterrentzat «mesedegarriagoak» izango direnak. Etorkizunera begira ere kate motzean lotu ditu agentzia horiek: hiru urtez ezingo dute salneurri hori aldatu, eta egiten dituzten alokairu operazio guztien fakturak bidali beharko dizkiete LEAri.

Hori bai, isunik ez dute jasoko, 28 horiek behintzat ez. Arauz kanpoko jardun bat egin arren, urte luzez gainera, ez dute zigor ekonomikorik izango. Akordioak duen beste ezaugarrietako bat da. LEA administrazio izaera duen erakunde autonomo bat da, eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikia dago. Isun ekonomikoak jartzeko ahala du: arau hauste arina bada, urteko negozio bolumenaren %1erainokoak; ertaina bada, %5erainokoak; eta larria bada, %10erainokoak. Beraz, pozik egon daitezke, eta horrela ulertzen da akordioa gehienek lehenetsi izana.

Argitzeke dagoena da zer gertatuko den akordioaren bidea hartu ez duten zortzi agentziekin, haientzat zigor espedienteak aurrera jarraituko baitu. Eta, garrantzitsuagoa dena, ea ikerketa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste lurralde batzuetara zabalduko den. LEAk ezin du halakorik zehaztu, ikerketak sekretupekoak direlako, baina lupa pixka bat zabalduz gero, ikerlariek erraz aurkituko dute ohiko jarduna dela. Adostu gabeko akordioa ala oso zabalduriko ohitura den zehaztea ez da erraza, baina ikerketa gehiago badatoz, agentziek ezingo dute ezagutza falta argudiatu. Isuna zorrotzagoa izan balitz, auziak sona handiagoa izango zukeen, eta gaiak izu txikiren bat barreiatuko zukeen agentzien artean. Pandemiaren ondotik jendearen mugikortasuna berriz aktibatuko da, eta harekin, ondo bidean, alokairuaren merkatua. Denborak esango du kasu honetan ebazpenak ondorio erregulatzailea izan duen, eta hilabete bateko komisioaren ohitura desagertuko den ala ez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Jaurlaritzako, aldundietako eta udaletako ordezkariak, atzo, bilera hasi aurretik, Gasteizen. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jaurlaritzak inoizko gastu handiena egingo du zerga bilketa onari esker

Aitor Biain

Bilketa %9,6 handituko da aurten, eta %4,6 datorren urtean. Diru gehigarria zorra txikitzeko eta inbertsioak egiteko erabiliko dute. Aurrekontuak 13.000 milioiren langa gaindituko du lehen aldiz

Urnietako kiroldegiko berritze lanak, atzo; hor hil zen bi beharginetako bat. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Egun berean eraikuntzako bi langile hil dira, Urnietan eta Amurrion

Jokin Sagarzazu

Bata kiroldegia berritzeko lanetan ari zen, eta bestea, berriz, etxe berri baten eraikuntzan

ArcelorMittalek Euskal Herrian duen lantegi bateko altzairutegi elektrikoa ©Jon Hernaez (Foku)

Argindarraren kostua dela eta, Arcelorrek geldialdiak egingo ditu Olaberrian eta Bergaran

Jokin Sagarzazu

Multinazionalak jakinarazi du neurria indarrean dela, eta ordu jakin batzuetan eteten ari direla ekoizpena.

Mahats biltzaileak uzta kamiora botatzen, Tierra upategiko Bastidako (Araba) mahastietan. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Araban kilo bat mahats ekoizteak 70 eta 80 zentimo arteko kostua du

Imanol Magro Eizmendi

Aldundiak aginduriko ikerketa baten ondorio nagusia da. Upategien eta mahastizainen arteko negoziazioetan langa hori ezar dadin nahi du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.