Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Edipo

2014ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Liburu bitxi eta merkaturikoen artean igerian nenbilela auzoko azoka batean, bost artistaren obra euren ondorengoen begietatik aztertzen zuen elkarrizketa bilduma labur bat topatu nuen behin, duela ez asko; izenburua ez dut zehazki gogoan eta alea bera ez daukat eskura, baina esan dezaket nire filiak asetzeko abiapuntu nahikoa eta sobera korapilatua iritzi niola eta lehen begi kolpean erakarri ninduela.

Zikinkeriarekiko makur berezi hori dela-eta, egia esatera, familia burgesen arteko egur koloretsu pixka bat espero nuen, sentsazionalismoa, nahi baduzue, baina ezta hurrik eman ere, artisten ondorengo gehienak senide sonatuen ondarea ohoratzeari erabat emanda zeuden, are askok kasik profesio bilakatua zuten eginkizun hori. Harritu ninduen bereziki artistok ez zirelako inondik inora periferikoak, errekonozimendu faltan etxekoen bultzada eta konfiantza gorri behar zutenak, amak ondo kostata ezagutarazi zuen John Kennedy Toole bezala, baizik eta jeinuak eta aberatsak, euren hirurogeigarren urtemugako bazkaritan harrabotsez eztanda egiteko moduko traumak eragingo lituzketen patriarkak, Festen-en (Vinterberg, 1998) estiloan.

Aita metaforikoki ez akabatzearena akordura ekarri zidan herenegun Emilio Botinen heriotzak, pisukide altxatu berriari komentatu nionez bankarien birbiloba, biloba, iloba, seme, anai eta aita zelako Banco Santanderreko presidentea zena, eta, hain justu, alaba Ana Patricia Botin izendatu diotelako oinordeko karguan (feminismoaren ikuspuntutik balioko baligu gutxienez, emakumeen ontasun esentziala gezurtatzeko, Botín gazteak berdin jarraituko baitu etxegabetzen; baina eztabaida hori nolabait esatearren irabazia genuen Margaret Thatcherrek gupidagabe erakutsi zuenetik emakumeak ere, boterea izanda, gizonak bezain neoliberal izan daitezkeela).

Non ote hago, Edipo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.