Julio Soto.
LARREPETIT

Erronkak

2015eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Erronkaz beteriko erronka bat baita bizitza. Gehienak pertsonalak izaten dira: biziraupenak berak berarekin dakartzanak, norberak aukeratutakoak, eta zoriak aurkezten dizkizunak. Zori onak, edo zori txarrak.

Baina badaude erronka kolektiboak ere, norberaren erronka pertsonaletik haratago doazen borrokak. Eta horietako bat da Nafarroako Gobernu berriari aurkeztu zaiona (gobernu berriaz hitz egiten dudanean aldaketaren alde gauden guztiez ari naiz, guztion ardura izango baita hau aurrera ateratzea). Urteetan noiz etorriko zain egon garen erronka. Urrunean ikustetik, atzamarrekin ukitzera iritsi garena.

Behar genuen ilusio dosi hau, behar genuen arnasaldi gozo hau; historikoa baita gertatu dena. Hala ere pozari eusten sumatu ditut asko, mesfidati, elkarrizketetan «bai, baina» bat eransten beti. Noski zuhurtziaz jokatu beharko dugula, baina erronkei pozetik ekitea baino eraginkorragorik ez dago. Pozetik eta ausardiatik. Nekeza izango zaigu bidea aurrera egiten geure buruen gainean mamuak dantzan badarabilzkigu. Zaila izango dena ez dezagun guk zailagoa egin.

Lau urteko gerra bat deklaratu digu erregimen zaharrak; badakite Madrildik jasoko dutela nahiko munizio. Ahaleginduko dira gugan arrakalak sortzen, gezurrekin, azpijokoekin. Desberdintasunak desberdintasun, orain arte lortu dugun batasuna higatzen. Baina ez dezagun indar gehiegirik utzi alferreko batailetan; gorde ditzagun lau alderdik osatutako zimenduei zutik eusteko.

Ez ditzagun pausoak eman erregimenetik etorriko den harrabotsaren arabera, ez baititugu eman beharreko pauso asko emango bestela. Oposizioa egiten gobernatuko baitugu bestela.

Jo diezagutela txistu, larrutu gaitzatela. Baina pausoak sinesmenez ematen baditugu, gero eta jende gehiagok sinetsiko du gugan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.