Eneko Gorri.
LARREPETIT

Tabernariari

2015eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Udak bere azken egunak eskaintzen dizkigu eta horiekin batera herriko besten denboraldiari agur errateko ordua jin zaigu. Lapurdin, Arrangoitze eta Sarakoek dute udako herriko besten egutegia zedarritzen. Horren erdi-erdian, Baionako bestak iragaten dira, eta, horiekin batera, haien gehiegikeria guziak.

Urtero aste batez tabernari gisa nabil Baionan. Gau eta egun barra gibelean, eskaera jasotzen, edalontziak betetzen eta ordainketa altxatzen.

Denetarik ikusten eta entzuten du tabernariak. Bada ehiztari baten gisan neska ederrak non dauden galdetzen duen tipo pisua, familia arazoak kontatzen dituen mozkor tristea, barra gainera dantzatzeko nondik igotzen den jakin nahi duen paristar gaztea, garagardoa biziki garestia dela ohartzen den bizkaitarra…

Baina denen artean okerrena, ulertezina eta haserretzen nauen bakarra, turnada gaztelaniaz manatzen duena da. Eta ez da behin bakarrik gertatzen. Asko dira horrelakoak. Poteoaren haritik, taberna euskaldun batean sartu da. Musikak eta edarien afixek hori iradokitzen dute behintzat. Bere inguruan jendea euskaraz entzuten du. Eta ez ditu ulertzen. Baina ez du eskasik sentitzen. Eskolan espainol zerbait ikasi zuen. Horrekin aski du hilabetean behin Dantxarinean zigarretak erosteko. Egarri da. Barratik hurbildu eta: «Bonsoir, dos cerrrrvezaz y un choupito porrr favorrr». Gazteleraz zergatik mintzo den galdetzean, euskal taberna batean delako erantzuten dizu. Euskalduna = Hegoaldekoa. Ekuazio sinplea. 2015ean oraindik, Lapurdin euskalduna erbesteratua edo indigena kontsideratua izan daiteke. Haserrea.

Nafarroa iparraldeko herri txiki batean, Bizkaia ekialdeko kostan edo Gipuzkoako hiriburuko bestetan ere, batzuk oraindik gabatxotzat edo «Iparraldeko lagun frantsestzat» gaituzte. Baina hori, beste afera bat da. Haserretu baino, mintzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.