Eneko Gorri.
LARREPETIT

Atorra urratuak

2015eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Frantziako hedabideetan aste hasiera honetako albiste nagusia Air France hegazkin konpainiaren ingurukoa izan da. Enpresaren batzorde zentrala iragaten ari zela, hamarnaka sindikalista bilkura gelara sartu eta odolustuko zituen bilerari amaiera eman diote. LangileekPerform 2020 izen erakargarria bezain kezkagarria duen planaren kontra protesta egiten zuten, zeinak hegalbide batzuk hetsi eta 2.900 lanpostu deuseztatuko dituen.

Sindikatu eta zuzendaritzaren arteko negoziazioek porrot egin ostean, delako batzorde zentral horrek «B plana» adostu behar zuen. Mahai inguruan zeuden, beraz, 63.000 langileko enpresaren geroa erabakiko zuten protagonistak. Denak luxuzko janzkia eta ttattarra soinean.

Konjuntura ekonomikoa edo prezio apaleko konpainien konkurrentzia astakurutzat har daitezke, baina astelehen goiz hartan langileen kezka bakarra bilkura gela horretan pertsona zehatz horiek hartuko zituzten erabakiak ziren. Eta hori adieraztera joan dira haien kargu uztea aldarrikatuz eta sekulan erosi ezingo duten janzkia urratuz. «Nagusiek larrutu nahi gaituztela? Biluz ditzagun!».

Atorra urratua ihes egiten zuten zuzendarien irudiek albistegien itzulia egin dute. Aho bateko gaitzespen jario jarraikia. Borreroa biktima bezala jantzi ondoren, editorialistak bigarren fasean sartu dira: Alemanian ez bezala Frantzian elkarrizketa soziala ezinezkoa dela leporatuz, konfrontazio sindikatuak baino kudeakidetza sindikatuak lehenetsiz, eta dena den Air France konpainiak ezin duela beste molde batera egin. There is no alternative.

Memoria pixka bat dutenak oroituko dira Perform 2020 2012an abiatu Transform 2015 programaren segida dela, eta konpainiak ezagutu duen laugarren kanporatze kanpaina dela. Lau urtez, 15.000 postu desagertu dira. Gaur, zuzendariek atorra berria dute soinean; bihar nork emanen die lan berria kaleratutako 15.000 langileei?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.