Kattalin Miner.
LARREPETIT

Gaur ez da, bihar?

2015eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Atzo eguerdian izan genuen erailketa matxista bat izan zitekeenaren berri. Halakoetan ohi den bezala, alarmak piztu eta adi begiratu genien azken ordukoei. Tentuz ibili behar baita halakoetan, ezin protokoloa Ertzaintzaren eta forentsearen azken hitzaren aurretik hala nola aktibatu. Baina bestalde ez da kasuala alarmak gorri piztea eta badaezpada ere, datorrenaren aurrean prestatzen hastea.

Hau idazten dudala, lehen informeak dio «naturalki edo istripuz» hil dela Gernikan hilik agertu den emakumea, eta heriotza batek duen berezko dramatik aldenduta, lasaitua hartu dugu askok.

Izan ere, hau diot badirudielako batzuei plazera ematen diela azkenean erailketa matxista ez izateak. Feministok, iritzi publikoak zein Ertzaintzak kasu honetan, azkarregi ondorioztatu bagenitu bezala gauzak. Mamu baten bueltan lanean ariko bagina bezala, eraildako emakumeen zerrenda loditzea behar bagenu bezala arrazoi dugula esateko. Eta azkenean ezetz, ez dela, eta geu, hortaz, esajeratuak garela, histerikoak.

Errealitatearen printzipioa, ordea, beste bat da. Kontua baita emakume bat hilda azaltzen den gehiengoetan erailda azaltzen dela, eta erailda azaltzen den gehiengoetan erailketa matxista dela arrazoia. Izan ere, Gernikan dirudienez ez, baina estatu espainolean bi emakume erail dituzte herenegun.

Nahiago nuke, beraz, noski, emakume bat hilda agertzen den bakoitzean alarmarik piztu behar ez izatea, erailda azaltzen denean kontu sherlokiano bat izatea, eta saminez, amorruz eta tentuz, protokoloa aktibatu, pankartak prestatu, eta kaleak hartzeko deia egin behar ez izatea. Baina ez gaude zoratuta eta ez gara esajeratuak, eta ez dugu erailketa matxistarik nahi ez behar indarkeria matxista egunerokoa dela baieztatu eta haren aurka borrokatzeko. Gaur ez delako izan, baina tamalez bihar izan litekeela badakigulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.