Eneko Gorri.
LARREPETIT

Angela eta Beyonce

2016ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Irrigarria da batzuetan aktualitateko bi gertakarik nola elkar kaskatzen duten ikustea. Hol-hola, ezustean. Badirudi bakoitzak bere bide propioa segitzen duela... eta plaxt! Egutegien halabeharrak bi gertakari isolatu bata bestearen ondoan eman eta zubiak eraikitzen hasten gira gure buruetan. Hala gertatu da asteburu huntan, Beyoncek Super Bowla inarroxten zuen bitartean, Angela Davis militante feminista eta iraultzailea Euskal Herrian gaindi zebilelarik. Bi ikono, bi agertoki, bi ibilbide, bi publiko.

Super Bowlaren finala, superlatibo guztien eta ultrakontsumoaren tenplua ere bada. Atsedenaldian kirol zelaia entertenmaint gune bilakatzen da, publizitate eta ikusgarriei tokia utziz. Tarte hortan aurkeztu omen du Beyoncek bere klip eta kantu berria. Benetako show bat eskaini omen du. Kultur kritikak harritu omen ditu letren ezohizko konnotazio politikoarekin, Black Panthersen gisara mozorrotutako dantzariak ondoan zituela.

Funtsgabekerietatik urrun, Black Panthers mugimenduko kide izandako ekintzaile estatubatuarra Euskal Herrian genuen. Kirol estadioetatik at, LogroƱoko kartzela, unibertsitatea eta Bilboko kafe antzokia izan ditu agertoki. Feminismoaren bilakaeraz, presondegien abolizioaz, internazionalismoaren birpentsatzeaz, kapitalismoaren desegiteaz eta arrazakeria forma berriez mintzatzeko aukera izan du. Hedabideetan segitu ahal izan dugunez, optimismoa eta erradikalitatea sumatzen zaio 72 urte ospatu berri duen ikonoari. Nostalgia eta urrikirik gabe, gazteriarentzat errexki bereganatzeko heineko mezua helarazten du.

Igande euritsu huntan denbora pasa dut Interneten bere ibilbideari buruz ikasten. Bateriak kargaturik itzali dut ordenagailua. Eta gaurko belaunaldi gaztearen ikonoa Angela edo Beyonce den ez zait axola, emakume beltz eta komunista gisa pairatutako guziarekin baikor bada, gutxienekoa litzateke gu ere hala izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.