Kattalin Miner.
LARREPETIT

Europak hiltzen banau

2016ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Europak hiltzen banau, ez nau gosez hilko, ez hotzez, ez zaborra bezala Turkiaren eskuetan utzita. Europak hiltzen banau ni, hain zuri, hain espainiar pasaportedun, hain erdiko klaseko, hilko nau minez, lotsaz, inpotentziaz.

Europak hiltzen banau, hilko nau esanez «begira zer egiten dudan zure muturren aurrean, zure pribilegio eta ongizatearen defentsan». Europak hilko gaitu, dugun humanitate apurra hustu arte, ikusten ditugun artean milaka bizitza lokaztuta burdinazko hesien artean, ibaiak gurutzatzen. Europak hilko nau, nire Aste Santuko oporretarako erabiliko ditudan kanpadenda berberak norbaiten bizileku izan daitezkeela sinetsaraziz. Europak hilko gaitu Lesboseko hondartzan itota, baina lehor, etxean eta telebista aurrean.

Europak hilko gaitu oihukatuz gu garela «aukeratutakoen herria», eta besteena dela zorigaiztoa, baina ezin garela denak lehen mailako hiritarrak izan. Melillako hesietan odoleztatuta zintzilik geratu den haragi puska bakoitzak sortuko dizkigu ezkutuko orbanak gure giharretan, eta apurka atrofiatuko gara gure lanpostuan Europak hiltzen gaituela jakin gabe, mugitu ezinik geratuta.

Europak tirokatuko, gaseztatuko, kolpatuko ditu gureak ez diren gorputzak, baina ohartu baino lehen, arnasa faltako zaigu tabernako atarian zigarroak erretzen ditugun artean, eta ez gara ohartuko Europak belztu dizkigula birikak eta barrenak.

Gerratik ihesi, miseriatik ihesi, Europa amestu zuten horien ordez, ni neu izango naiz behin amestu eta erdietsi ez nituen amets burgesen errefuxiatu hilko dena. Europak hiltzen banau, ez naiz ni ohartuko, ez nagoelako ezleku bizigaitzetan barrena ate-joka, ez naizelako ni Mazedonian zain dagoena. Europa itxi nahi dute kanpoko amenazuaz babesteko, eta ohartu garenerako, Europa ez da kartzela erraldoi bat besterik.

Europak hiltzen banau —ez banau dagoeneko hil—, ez nazala europar sentituz harrapatu, bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.