maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Sobrea sobera

2017ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ongizate Zentro izeneko batean egon naiz aste honetan, lagun batek gonbidatuta. Egin dizkidate askotariko probak: masa eta altuera, baita besoen, gerriaren, aldaken zabalera ere. Neurtu dizkidate horren arabera gorputz barneko giharren ehunekoa, baita gantzarena ere. Eta ikusi didate zein dudan hezurren masa, baita horren guztiaren arabera ikusi ere ene osasuna, elikadura...

Interesgarria izan da berez proba, nahiz eta agian ez atera nahi nituen emaitzak. Zein espero nituen ere ez jakin, egiaz, aspaldi pisatzen ez naizenez... «Baina ez du inporta berez pisuak», erran dit behin eta berriro proba egin didan emazteak. Osasuna neurtzea dela kontua, ez itxura estetikoa. Barnetik nola nagoen, eta ez hainbertze kanpotik. Ados. Eta ustelduta omen, barnetik. Auskalo kanpotik nola.

Atera da, beraz, diagnostikoa. Eta, nirekiko: hobeki jan beharko nukeela, agian. Beharbada, egin beharko nukeela jarduera fisiko pixka bat gehiago, eta ez hainbertze parranda... igandero pentsatu ohi ditugun gauzak.

Bukaeran, honekin guztiarekin zer egiten ote duten bururatu zait galdetzea. Sobre batzuk dauzkatela, elikadura orekatzekoak. Barnean dituztenak milaka bitamina, kaltzio, proteina eta beste substantzia. Dastatu nahi ote dudan halakorik, aste batez bada ere. Urarekin nahasita, elikadura osoa segurtatzen dutela, bertzerik behar izan gabe. Eta guzia etorri zait berriro burura: elikadura ona, eta kirola... igandeetako gauzak. Zerikusirik ote duen amatxik ematen dizkidan platerkada beteekin: «Jan ezazu gehiago, handia egiteko». Ez diot ikusi loturarik.

Ezetz erran diot. Ez dudala halakorik behar. Saiatuko naizela, izatekotan, elikadura hobeki zaintzen. Mugituko dudala pixka bat gehiago eskeletoa. Baina ez dudala auskalo non egindako formula kimikorik nahi, argaltzeko ez den arren anorexia garaiak oroitarazten dizkidana. Niretzat, sobrea sobera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.