GEURE KONTU

Kirioak, egutegiak eta hiztegiak

Erresuma Batuko politikariei buruzko pankartak Westminsterreko legebiltzarraren kanpoko aldean, joan den ostegunean.
Erresuma Batuko politikariei buruzko pankartak Westminsterreko legebiltzarraren kanpoko aldean, joan den ostegunean. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon Fernandez -

2019ko apirilak 7

Brexit-aren anabasa egutegiak, hiztegiak eta askoren kirioak ari da astintzen. Martxoaren 29an atera behar zuen Erresuma Batuak Europako Batasunetik, baina, egun horren atarian akordioak oraindik Westminsterretik urruti jarraitzen zuenez, Bruselak apirilaren 12ra luzatu zuen epemuga. Theresa May lehen ministroak badaki egun horretarako ere ez dituela Komunen Ganberako gehienak konbentzituko bere plana onar dezaten —Michel Barnier EBren negoziatzaile frantziarrak kozinatutako plana, hobeto esanda—, eta epemuga ekainaren 30eraino atzeratzeko eskatu dio asteon Donald Tuski, Europar Kontseiluko presidenteari. Pilatzen ari dira marratutako egunak eta gorriz jarritakoak brexit-aren almanakan.

Markatzeko beste egun bat egutegian: etzidamu, Europar Kontseiluan, premiazko bilera bat egingo dute brexit-ari buruz. Luzapena onartu ala ez eztabaidatuko dute, eta onartzekotan, ea noiz arteko denbora oparitu nahi duten Mantxako kanalaren beste aldean adostasunen bat lortzeko. Azken filtrazioen arabera, Tuskek, brexit-aren zaleek infernuan toki berezi bat gordeta daukatela publikoki esan zuen hark, kontraeskaintza bat egin nahi dio Mayri; bi hilabete eskas eman ordez, hamabi eman nahi dizkio.

Eskaintzarekin batera, beste hitz joko bat sortu da dibortzioaren harira —Quebecen sortutako neverendum ere berpiztu baitu bigarren erreferendumaren aukerak—. Flexstension da kontzeptu berria jatorrizko ingelesean; malguluzapena, euskarara ekarrita. Erosotasuna eta moldagarritasuna iradoki nahi du malgutasunak, baina, ezinbestean, beste kontzeptu tranpa bat dakar gogora, langileentzat mesede baino kalte gehiago ekarri duen malgusegurtasunarena.

Amildegia urruntzearen taktika

Dagoeneko urruti dirudien otsailaren 14an, Arantza Gomez Aranak, Birmingham City unibertsitateko Brexit ikastegiko irakasle adituak BERRIAri azaldu zion itunik gabeko dibortzio gogorraren aukera presiorako jokoaren parte dela Mayrentzat. Horregatik eskatu du luzapen motz bat, maiatzaren amaierara artekoa: Westminsterreko legebiltzarkideek amildegi ertzaren bertigoarekin bozka dezaten ostera ere. Tuskek, ordea, urtebete eskainita, malgutasunaren marasma-etxean harrapatu nahi du lehen ministroa. Erlojuaren mehatxurik gabe, haustura gogorraren zauri ekonomikoak saihestu daitezke, eta, nork daki, astia eman dezake bigarren galdeketarako lasterbide bat zimendatzeko ere.

EBk dio prest dagoela akordiorik gabeko brexit-ari ito gabe aurre egiteko. EBZ Europako Banku Zentralak lasaitasun mezua eman zuen herenegun, esanez batasuneko finantzen egonkortasunari kalte «gutxi» egingo liokeela haustura gogorrak.

Lasaitasun mezuak mezu, kanalaren bi aldeetan kirioak dantzan jartzen dituena zenbakiak dira, eta ez egutegikoak, baizik eta herritarren poltsikoak eta konpainien diru kutxak astin ditzaketenak. Fikziozko zenbakiak oraingoz, estimazio hutsak, baina beldurgarriak.

Desadostasuna Londresen dago, eta Brusela eroso dago negoziazioaren indar posizioan: berak du azken hitza, bai hausturaren epemugarako, bai baldintzetarako. Baina Tusken urtebeteko luzapenak brexit-aren aukera ezbaian uzten badu, brexit-aren zale sutsuenek xantaia ekonomikoa egitea iradoki dute: Erresuma Batuak EBn jarraituko lukeenez, Londresek EBren aurrekontu eta diru sail igoerak blokeatu litzake.

Kirioek luzerako lukete dantza, bi itsasbazterretan.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Txagorritxuko erietxean, COVIDaren test serologikoak aztertzen. ©G. RUBIO / FOKU

Eritasunari buruzko lezio berrikusia

Arantxa Iraola

Asko falta da oraino, baina COVID-19aren inguruko ezagutzak egunero ari dira argitzen, osatzen; ondorioz, izurriaren hasieran gaitzaz esan ziren hainbat gauza zahartuta eta atzeratuta geratu dira guztiz. Etengabeko berrikusketa eskatzen du gai honek.

Nafarroako haur eskoletan "normaltasun berriarekin" ekingo diote ikasturteari

Olatz Esteban Ezkati

Lau egoera posible irudikatu ditu Nafarroako Gobernuak, eta COVID-19aren bilakaeraren arabera ezarriko da bat edo beste.

Angeluko hondartza. ©Guillaume Fauveau

Maskara derrigorrezkoa izango da Ipar Euskal Herriko hainbat herritan ere

Olatz Esteban Ezkati

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian: 224 kasu izan dira azken orduetan. Gipuzkoako tabernariak kexu agertu dira Jaurlaritzaren murrizketak direla eta

Emakume bat oinez Donostian, erosketen poltsak eskuetan, joan den apirilean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Zaurgarrienak, zaurgarriago

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Pandemiak emakume eta gizonen arteko desberdintasunak sakondu dituela ondorioztatu du Emakunderen txosten batek. Egoera hobetzeko gomendioak eman dizkie erakundeei

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna