xabier martin
GEURE KONTU

Fagor Etxetresnak eta arduren auzia

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Bost urteren ondoren, Fagor Etxetresnak izan zenaren porrota hautsak harrotzeko gai izan da egunotan. Euskal kooperatibismoaren ikurra hondoratzeak eragin zuen saminaren neurria ematen du EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko hiru irakaslek egindako artikulu akademiko batek. Kooperatiba ohian ardura desberdinak izandako hainbat langile-bazkideri egindako elkarrizketak hartu dituzte oinarri Iñaki Herasek, Imanol Basterretxeak eta Aitziber Lertxundik, porrotaren arrazoiak sailkatzeko. Ez da erraza haiek irakurtzea Mondragon taldeko enpresa historikoan jardun ziren askorentzat, artikuluak gupidarik gabe aztertzen baititu langile-bazkideen jarrerak eta zuzendaritzaren hutsak. Kontua da idatziak jasotzen dituela «alderantzizko hierarkia» eta «gaixotasun-baimen kopuru handia» moduko hausnarketak, eta hedabide batzuek langileengan jarri dutela fokua lerroburu deigarriak eginez, haiena balitz bezala porrotaren ardura nagusia.

Pagaburuak bilatzeko epea agortu zela ematen zuenean azaldu dira hilotza langileen bizkar jarri nahi dutenak. EHUko txosten entzutetsua ez beste zurigarri bat baliatu beharko dute, ordea, Iñaki Heras katedradunak berak garbi esan baitu egunkari honetan artikuluaren ondorioa ez dela hori: «Ez da, inondik inora ere. Lerroburu batzuk deigarriak egin zaizkigu. Fagorren gaia erakargarria da, badakigu. Kontua da Fagor Etxetresnak enpresaren porrotaren arrazoiak hainbat direla, eta horietako bat baino ez dela giza baliabideen inguruko politika».

Herasek berak dio egia dela «nepotismoa» egon zela kontratazioan, eta «gaixotasun-baimen kopuru handia» erregistratu zela itxieraren aurreko urteetan; dio «alderantzizkako hierarkiak» ez zuela lagundu porrotera zeraman norabidea aldatzen; langile gehienak bazkideak ere bazirela gogoratu du, eta horrek beti dakarrela ardura gehiago enpresaren martxan, begien bistakoa baita. Baina, era berean, onartu du Frantziako Brandt taldearen erosketaren zorra «oso garrantzitsua» dela hondoratzea azaltzeko, operazio hura nola gobernatu zen alegia, merkatu heldu batean lehiatzeko arazo handiak egon zirela, banaketa desegokia eta marka kokatzeko gorabeherak egon ziren bezala. Ekoizpen lerro batzuk ixtea edo lekuz aldatzea ere arrazoizkoa izango zela zehaztu du, eta ez zela egin. Alegia, hainbat izan zirela Fagor Etxetresnak enpresa erreka jotzera eraman zuten arrazoiak, askotarikoak.

Alferrik izan ez den lezioa

Porrotaren kronika jarraitu duenari nekez egingo dio ihes fokua kooperatibismoan jartzeko zeharkako modua dela langile-bazkideen gainean jartzea. Euskal industria aparteko egiten duen mugimenduari eztena hainbeste aldiz sartzea kasualitatez egokitzen dela sinetsiko dute tolesgabeek, beharbada, baina ez eraso horiek zenbatu dituztenek. Arlo pertsonala alde batera utzita, Mondragon taldeko kooperatibak dira Fagor Etxetresnak ikurraren deskalabruaz gehien ikasi dutenak. Haiek eman zioten hauspoa zonbiari, elkartasun sistemaren botoia behin baino gehiagotan sakatuz, eta enpresa horietan dihardutenek inork baino hobeto dakite bazkide-langile izateak ardura berezia dakarrela.

Izan ere, Mondragonek bere hiztegia zabaldu du Fagorrenaz geroztik. «Kooperatiben iraunkortasuna da kooperatibistena bermatzeko tresnarik eraginkorrena», dio korporazioak. Labur esateko: enpresaren baliabide propioak aurrena, eta bazkide bakoitzaren patrika ondoren. «Autoexijentzia eta ardura partekatua» ere ez dira kasualitatez iritsi Arrasatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.