Ivan Santamaria.
GEURE KONTU

Derryko neskak mugen aurka

2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Free Derry Corner (Derry askeko izkina) Irlanda garaikideko historiaren oroitarri indartsua da. Urrian 50 urte beteko dira hiri horretan egin zenetik eskubide zibilen aldeko mugimendua dinamizatu zuen mobilizazioa. Derry askeko pareta soil horrek sinbolizatzen du iparraldeko sei konterrietan egondako diskriminazioaren aurkako borroka. Gerora etorriko ziren biolentzia eta gatazka urte mingotsen—Igande odoltsua, bereziki— memoria ere bada.

Memoria bizi horrek gaur egungo arazoei erreparatzea eskatzen du. Itxura berezia izan du azken asteotan izkinak. Normalean zuriz margotuta dagoen paretak arrosa kolorea hartu du, organo donazioen aldeko kanpaina bat bultzatzeko. Derry askean sartzen ari zaraorain lelo ezagunari beste bat gehitu zaio, azpian: Derryko neskak mugen aurka.

Tanya McCamphillen gogoeta batetik abiatutako kanpaina bat da. Londresen lan egin, eta Ipar Irlandara bueltatu ohi da, Derryko jaioterrira, eta denbora asko igaro ohi du Donegalgo kostaldean ere, etxetzat duen gunea. Bidaia hori askotan egiten duen pertsona gisa, antsietate geroz eta handiagoa sortu zaio: zer gertatuko da hainbeste maite duen mugimendu askatasunarekin brexit-a gauzatzen denean? Txikitatik ezagututako askatasun horiek benetan arriskuan daude? Inor ari da pentsatzen muga fisiko gotor bat ezartzeak han bizi diren herritarrengan sor ditzakeen arazoetan eta traumetan?

Hala, bururatu zitzaion mugen aurkako kanpaina abiatzea. Mugarik ez jartzeko eskaera bere horretan naif samarra irudi lezake —ez Irlanda zatituan ezta Irlandako itsasoan ere muga egotea defendatzen dute—, baina, ezer baino gehiago, erakusten du gizartean dagoen etsipen geroz eta handiagoa. Londresen, Dublinen eta Bruselan asko hitz egiten ari dela Irlandako mugaldeari buruz, baina ez direla haien ahotsak benetan entzuten ari. Kanpaina hainbat hiri eta herrietan zabaldu da, eta lortu du arreta bereganatzea. Bere txikitasunean, kezka sakonago baten erakusgarri egokia bada.

Ez da bakarra. Clare Dwyer Hogg kazetari eta gidoilariak idatzi eta Financial Times egunkariak ekoiztu duen film labur batek ere zeresan handia eman du. Bertan, Stephen Rea aktorea zorrotz mintzo da muga gogorraren inguruan, eta kargu hartzen die brexit-aren aldeko politikariei, arazoa gutxietsiz egin dituzten adierazpenengatik. Jacob Rees-Mogg parlamentari tory-ak esan zuen ez zuela zertan muga hori bisitatu bertako arazoa ezagutzeko. Arrazoia ematen dio Reak, ironiaz: «[Ulertzeko] bertan bizi behar zenuen».

Aurten hogei urte bete dira Ostiral Santuko akordioa sinatu, bozkatu eta indarrean sartu zenetik. 3.600 pertsona baino gehiago hil zituen gatazka armatu bati amaiera eman zion. Ziur aski, ez da agiri perfektua inorentzat, baina Irlandako iparraldean bizitzak aurrera egitea ahalbidetu du. Itun horretan hitzez esaten dena bezain inportantea da esaten ez dena: akordio horrek mugaren bi aldeetako biztanleei aukera ematen diela euren harreman pertsonal, ekonomiko eta sozialetan sakontzeko, hala nahi badute, gobernuen arteko lankidetzatik harago.

Irlandak banatuta segitzen du, bai, eta banaketa horrek ondorio praktiko batzuk ditu —moneta ezberdinak, esaterako—, baina brexit batekin arrakala handitzeko arriskua itzela da. Irlanda iparraldeko sei konterriak ez badaude merkatu bakarrean eta aduana batasunean, horrela gertatuko da.

Erresuma Batuko lehen ministroak, Theresa Mayk, baztertu du Ipar Irlandari estatus berezi hori aitortzea. Horretan bidelagun du DUP, alderdi unionista nagusia. Mayk DUPrekiko Westminsterren daukan dependentziak hautsi du Ipar Irlandako auziei buruz Erresuma Batuko eta Irlandako Gobernuek teorian izan beharreko neutraltasuna. Beto aukera eman zaio DUPi.

Ipar Irlandan hautesleen %56k bozkatu zuten brexit-aren aurka, eta soilik DUPek egin zuen kanpaina irteeraren alde. Ez dira bateragarriak Irlandan barne mugarik ez egotea eta Erresuma Batua aduana batasunetik ateratzea. Hortxe dago kontua. Estatus berezirik gabe, irtenbide bakarra utzi zaie hausturarik nahi ez dutenei: Irlanda batuko duen eskaintza erakargarri, serio eta zabal bat abiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.