Mariane Fernandes. Bera Berako jokalaria

«Nire tokia topatu dudala sentitzen dut; nire bigarren etxea da Bera Bera»

Mariane Fernandesek hirugarren denboraldia du Bera Beran, eta, dioenez, sasoirik «osoena» da hau: «Taldea oso ondo ari da, ni ere bai, eta, lehen ez bezala, zaleekin goza dezakegu». Plan ederra du buruan: «Lehenbizi, kopa irabazi, eta, gero, liga».

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
Donostia
2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Mariane Fernandesek (Niteroi, Brasil, 1996) ez zuen jokatu azken partida, Zuazoren aurka, kolpe gogorra hartu baitzuen buruan entrenatzen ari zela. Bost egun egin ditu entrenatu gabe, baina atzo jada lehen lan saioa egin zuen. Ez du galdu nahi azken txanpa: «Politena dator orain». Bihar, Guardes hartuko du Bera Berak (12:00). Irabaziz gero, esku-eskura izango du liga hirugarren aldiz jarraian irabaztea.

Zer moduz zaude?

Askoz hobeto nago. Kolpe gogorra hartu nuen buruan, eta geldirik egon behar izan dut. Buruko mina izan dut, baina askoz hobeto nago. Ondo bidean, larunbatean jokatuko dut. Sekulako gogoa dut.

Taldeak ez zuen zure falta sumatu Zuazoren aurka. Nagusitasunez irabazi zion, eta pauso handia eman zuen liga irabazteko. Lider zarete bost jardunaldi falta direla, eta sei puntu ateratzen dizkiozue bigarrenari, Gijoni, baina hark partida bat gehiago jokatu du. Eskura duzue titulua?

Ondo bideratua dugu. Imanolek [Alvarez, entrenatzailea] dioen bezala, lanaren %80 egin dugu. %20 baino ez zaigu falta. Ea azkar egiten dugun.

Aurkariak huts egiten ari dira, baina zuek ez.

Eusten ari gara, eta ez da erraza. Azkenaldian behin baino gehiagotan sufritu dugu irabazteko.

Beti irabazi beharraren presioa sumatu duzue?

Izan liteke. Irabazi beharra dugu beti, eta ez da erraza presiopean aritzea, beti bete-betean jokatu behar izatea, beti ondo. Nekatu egiten da burua. Sentipena dugu jendeak gehiegi erreparatzen diela gure hutsei, eta ahaztu zer lan ona egin dugun hona iristeko. Gu ahal dugun lanik onena egiten saiatzen gara, baina ezinezkoa da beti bete-betean aritzea. Ez gara makinak.

Aurkariek ere badakite jokatzen.

Noski, eta oso ondo. Hirugarren denboraldia dut ligan, eta gero eta zailagoa da partidak irabaztea. Gogor entrenatzen gara, baina baita aurkariak ere. Haiek ere irabazi nahi dute. Ez dago partida errazik.

Zein da Bera Beraren sekretua?

Lehenbizi, lana. Oso gogor entrenatzen gara. Eta, gero, oso batuta gaudela; etengabe animatzen dugu elkar. Beti dago norbait esaten duena: «Animo, neskak, ahal dugu!».

Ez kendu meriturik. Onak ere izango zarete, ezta?

Kalitate handia dago taldean, baina lana dago horren gainetik. Baita geure buruarengan konfiantza handia izatea ere.

Zer rol duzu taldean?

Badakit jokalari garrantzitsua naizela, eta, horregatik, nire onena ematen saiatzen naiz beti. Baina ez da erraza beti bete-betean aritzea. Eta, halakoetan, beti dut taldekideen animoa; konfiantza handia dute nigan, eta horrek oso zoriontsu egiten nau. Izugarri eskertuta nago.

Pozik zaude egiten ari zaren lanarekin?

Oso pozik nago.

Zure sasoirik onena da?

Zaila da horri erantzutea. Lehen sasoian kosta egin zitzaidan egokitzea; dena zen berria. Baina bigarrenean jada oso gustura aritu nintzen [ligako eskuineko alboko onena izendatu zuten]. Hirugarren honetan berdin jarraitzen dut.

Zertan hobetu duzu?

Konfiantza handiagoa dut neure buruarengan.

Zer esaten dizu gehien entrenatzaileak?

Neure buruarengan konfiantza izateko.

Osasun egoera dela eta, ezohiko denboraldiak izan dira aurreko biak. Hirugarren hau normalago doa?

Bai, eta inoiz ez bezala ari naiz gozatzen. Lehen denboraldian, bertan behera geratu zen liga, eta etxean sartuta ospatu genuen titulua. Bigarrengoan, berriz, ikuslerik gabe jokatu genuen, eta ezin izan genuen titulua gure zaleekin ospatu. Hirugarren hau, ordea, betea izaten ari da, berezia: harmailak ez daude hutsik, eta oso gertu ditugu zaleak; izugarri eskertzen dugu haien babesa. Ea laster haiekin titulu bat ospatzen dugun.

Nola daramazu pandemia, etxetik urrun egonda?

Gaizki, oso gaizki [hunkitu egin da]. Egun batzuetan ez nuen gogorik logelatik irteteko. Etxera itzuli besterik ez nuen nahi. Oso gaizki pasatu nuen, ezinegon handiarekin: ez nekien noiz itzuli ahalko nintzen Brasilera eta noiz elkartuko nintzen berriro familiarekin. Oso gogorra izan da. Ziur naiz denok asko sufritu dugula. Baina okerrago eramaten da etxetik urrun egonda.

Egoerak hobera egin du, eta Brasilera itzultzeko aukera izan duzu sarritan. Eskertu duzu?

Ez dakizu nola! Hunkigarria izan zen lehen aldia. Beti bada berezia etxera itzultzea, pentsa horrelako zerbait bizi eta gero. Halere, oso argi utzi nahi dut etxetik urrun egon arren etxean bezala sentitzen naizela. Nire tokia topatu dudala sentitzen dut; nire bigarren etxea da Bera Bera. Taldekideek, arduradunek, langileek, zaleek... denek sentiarazten didate etxean nagoela.

Bigarren taldea duzu Europan: 2018tik 2019ra Norvegian jokatu zenuen, Molden. Oso ezberdina izan zen esperientzia hori?

Bai, lehen aldia bainuen etxetik at. Dena zen berria, eta kultura eta hizkuntza, zeharo ezberdina. Baina esperientzia polita izan zen.

Taldekideei zutaz galdetuta, «alai» hitza aipatu dute guztiek.

Bitxia da, neurez lotsatia bainaiz. Baina gustura nagoenean, alde batean uzten ditut lotsa guztiak. Eta hemen oso gustura nago.

Brasildarrak bizizaleak zarete.

Hala da. Nik, behintzat, oso argi dut dena ez dela entrenatzea eta lehiatzea. Horretan ari naizenean, dena ematen dut, baina gustatzen zait egunerokoaz gozatzea ere, eta lagunekin ondo pasatzea.

Jokalari asko elkarrekin bizi zarete. Horrek laguntzen du giro ona izaten?

Bai. Eskertu egiten da. Ez nago inoiz bakarrik. Pozik banago, badut norekin ospatu, eta triste banago, badut zeinek animatu.

Fernandes eta Moreno dituzu pisukide. Nola moldatzen zarete?

Oso ondo [barrez]. Saiatzen gara otorduak eta planak elkarrekin egiten. Beste taldekideak ere etortzen dira bisitan: Maitane [Etxeberria], Malena [Cavo]...

Asko hitz egiten duzue eskubaloiaz?

Bai. Saiatzen gara hala izan ez dadin, baina alferrik.

Moreno euskara irakasten ari zaizu. Zer hitz ikasi dituzu?

[Barrez hasi da]. Koloreak dakizkit: urdina, berdea, arrosa... Baita zenbait esaldi ere: «beteta nago», «eskerrik asko», «agur», «zer moduz?, «oso ondo»... Oso zaila da euskara, baina saiatzen naiz.

Zer zaletasun dituzu?

Asko gustatzen zait hondartzara joatea, eta ilunabarra ikustea. Asko gustatzen zait lo egitea ere.

Hobeak dira Brasilgo hondartzak?

Jakina! Riokoa naiz ni, eta hangoak dira hondartzarik onenak; adibidez, Copacabanakoa. Eguzkia eta beroa gustatzen zaizkit. Hemen...

Zeren falta sumatzen duzu?

Familiarena eta Brasilgo janariarena. Ez dago nire amak egiten duen janaria bezalakorik. Brasilgo barbakoak ez du parekorik.

Azkenaldian lehen baino gehiago joan zara Brasilera. Selekzioarekin jokatzen ari zara.

Asko eskertzen dut herrikideekin egotea, eta nire hizkuntzan mintzatzea. Haiek badakite zeren falta sumatzen dugun atzerrian.

Ametsa bete duzu selekzioarekin jokatuta?

Bai. Amets batean nengoen Munduko Txapelketa jokatu nuenean. Ezin nuen sinetsi han nengoela. Oso argi dut Bera Beran egindako lanari esker lortu dudala ametsa betetzea. Horregatik, oso eskertuta nago klubari.

Brasilen dena ez da futbola. Eskubaloia ere badago.

Bai, baina txarra da egoera. Europara joatea beste aukerarik ez dago. Oso tristea da, Brasilen oso jokalari onak baitaude.

Nolatan hasi zinen eskubaloian?

Nik areto futbolean jokatu nahi nuen, baina futboleko entrenatzailea eskubaloikoa ere bazen, eta probatzeko esan zidan. Probatu nuen, baina ez ninduen erakarri. Konbentzitu egin ninduen berriro probatzeko, eta begira non nagoen orain.

Espero zenuen halako ibilbidea egingo zenuenik?

Inondik inora ere ez. Eskolan jokatu, unibertsitatean ikasi, eta lana topatu: hori zen nire plana.

Ametsik geratzen zaizu betetzeko?

Bai. Beti egin behar da amets. Olinpiar Joko batzuetan parte hartzea da orain nire ametsa.

Zein izan da unerik onena Bera Beran zaudenetik?

Iaz Parisen irabazi eta Europako Ligan aurrera egin genuenekoa. Sekulakoa izan zen. Gogoratzen naiz ezin genuela sinetsi zer egin genuen. Inoiz ez dut ahaztuko.

Eta txarrena?

Duela bi urte Kopan Elxen aurka galdu genuenekoa. Gorroto dut galtzea.

Ez duzu Koparik irabazi. Agian arantza aterako duzu laster. Gainera, etxean jokatuko duzue.

Bai, baina zaila izango da. Etxean jokatuta, ardura handia dugu. Ederra litzateke lehenbizi Kopa irabaztea, eta jarraian liga.

Une txarren artean duzu Municheko (Alemania) aireportuan Poliziak atxiki zintuenekoa ere? Poliziak arrazakeriaz jokatu zuela salatu zenuen.

Hala izan zen. Oso gaizki sentitu nintzen, oso triste. Bakarrik nengoen, negar eta negar, banekielako ez nuela ezer txarrik egin. Sekulako etsipena sentitu nuen. Nire bizitzako momenturik tristeenetakoa izan da.

Antzekorik gertatu zaizu inoiz?

Ez, baina Brasilen «tximu» deitu zidan jokalari batek. Ziur naiz ez dela azken aldia izango. Burua hotz izaten saiatu behar dut.

Matxismoa dago kirolean?

Bai. Emakumeok tokia irabazten ari gara, baina oraindik ez gaituzte baloratzen gizonak bezala. Ea une hori iristen den.

Klubean baloratuta sentitzen zarete? Asko zaintzen zaituztete.

Izugarri baloratuak sentitzen gara, eta izugarri ondo tratatzen gaituzte. Horregatik nago hemen.

Sasoi amaieran bukatuko zaizu kontratua. Jarraituko duzu?

Oso gustura nago. Zaleak lasai egon daitezke. Asko eman behar diot oraindik Bera Berari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.