Eneko Gorri.
LARREPETIT

Murgilduak

2016ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Ikastetxeek, 2016/2017 ikasturtea prestatzearekin batera, ate irekitzeak antolatzen dituzte guraso berriak erakartzeko asmoz, merkealdietan saltegi handiek bezeroekin egiten duten bezalaxe. Euskarazko irakaskuntzak ere arauak ongi errespetatzen ditu, bakoitzak bere eredua, kalitatea eta emaitzak ongi azpimarratu nahian.

Euskararen irakaskuntza konbentzionalaz ari garelarik, Ipar Euskal Herrian hiru sail eta hiru eredu bateragarri desberdintzen dira (nahitara ez ditut eskolaz baino haratago doazen proiektu alternatiboak aipatuko). Hiru sailak dira: irakaskuntza publikoa, irakaskuntza giristinoa eta elkarte irakaskuntza (Seaska federazioarekin). Ereduei buruz frantses/euskara ordu parekotasunaren eta ikastoletan praktikatua den murgiltzearen artean, hirugarren bidea marrazten da duela 15 urte sare giristinoetan eta duela 5 urte irakaskuntza publikoan. Egoera soziolinguistiko eta interes pedagogikoetan oinarriturik, lehen zikloko haurrek mintzairaren jabetzea azeleratzeko lehen bi urteetan irakaskuntza denbora osoa euskaraz dute, ordu parekotasunera pasaz ondotik.

Idazkietan euskara indartua izendatutako eredu hori, ahoz murgiltzea deitzen diote kazetariek, guraso elkarteek, misio kargudunek eta irakasleek berek. Pedagogikoki gezurra izateaz gain, politikoki arriskutsua iruditzen zait iritzi publikoarengan konfusioa sortzea. Gaur egungo eskaintza mailakatua da. Zentzu horretan eta gaur egungo egoeran, ereduen bateragarritasunak motibazio hein desberdinei egokitzeko aukera eskaintzen du. Baina izendapen berdinaren pean eskaintza eta proiektu desberdinak estaltzearekin, eredu bat ahuldu eta bestea gaizki aurkezten dugu. Errealitatea den bezala janztea inportantea baita: arnasguneak arnasgune, Mauletik Miarritzera eta Ortzaizetik Biriatura frantses ingurune batean murgilduak (itoak?) bizi baikara oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.