xabier martin
GEURE KONTU

Kea baizik ez den soldata igoera

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Zuk, enpresaburu horrek, komeni ez zaizun soldata igoera bat onartuko zenuke zure enpresako beharginentzat, soilik CEOE-Cepymek eta UGT-CCOOk erreferentzia gisa adostu dutelako? %2 edo gehiago igoko zenieke soldata beharginei zure gogoaren aurka, Rosell, Garamendi, Sordo eta Alvarez jaunak atera direlako bake soziala islatzen duen argazki batean?

Hori da, hain zuzen, 2018-2020 Espainiako negoziazioa kolektiboko akordio orokorrak balio duena: enpresari bakoitzaren unean uneko borondatea. Enpresa zuzendaritzek, izan ere, soldata igoera bat edo beste onartuko dute sindikatuekin egindako negoziazio baten ondoren akordio bat egiteko gai badira, eta, agian, juridikoki baliogabea den akordio batek finkatutako erreferentziatik abiatuko dute negoziazioa, horrela nahi badute, itun horrek ez baititu ezertara behartuko, sindikatuak behartuko ez dituen moduan. Mariano Rajoy etxera bidali ondoren, Pedro Sanchez presidentearen aroan beste aldarte baterako prest daudela erakusteko irrikan daude hainbat, Espainian, eta desira politiko horren barruan ulertu behar da aurreko urtean ez, baina aurten negoziazio kolektiboko itun orokorra egitea patronalak eta sindikatuek.

Akordio hori, ordea, kea da. Mariano Rajoy jabegoa erregistratzera bidali duen xake jokaldiaren aurreko errealitateak bere horretan jarraitzen duelako, funtsean. Pepe Alvarez eta Unai Sordo ekonomista hoberenen pare ote daude datozen urteetako inflazioa aurreikusteko? Beharbada kristalezko bola bat dute jakiteko beharginek ez dutela erosteko ahalmena galduko, urtero %2ko igoerarekin 2020. urtera arte. Agian badakite soldatak KPItik desindexatzeak ez duela eraginik izango beharginen erosteko ahalmenean, eta kaleak hartu dituzten pentsiodunak baino biziagoak izango dira akaso, haiek eskatzen duten inflazioaren pareko igoera —behintzat— ez eskatzeko.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gehiengo sindikala osatzen duten sindikatu abertzale biek, ELAk eta LABek, ez dute uste halakorik, eta aurretik esanda doa: Madrilen sinatutakoa ez da haientzat inolako erreferentziarik izango negoziazio kolektiboan. Euskadiko CCOO eta UGTrentzat bai, eta, hortaz, lan baldintzak estatalizaturik dituzten 160.000 langileetatik 67.000ri eragin diezaieke Madrilgo akordioak, horiek bezain beste baitira ituna berritzeko dutenak Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan. Nafarroan, berriz, eragin handiagoa izango du akordioak, handiagoa baita estatalizazio maila.

Eta lan erreforma, zer?

«Rajoyren lan erreforma baliogabetzea izango da PSOEk egingo duen lehen gauza [boterera iristean], langileen eskubideak berreskuratzeko». PSOEko idazkari nagusi bihurtu berritan bota zuen hordago hori Pedro Sanchezek, Susana Diazi gailendu ondoren. Beste garai batzuk ziren. Gaur egun 85 eserleku ditu PSOEk Espainiako Kongresuan, eta gogo gutxi liztor habia batean sartzeko. Horregatik, UGT eta CCOOko lagunek oxigeno apur bat eman diote kalte guztien erantzule egin duten erreforma stand by utzita. 'Urtebeteko ultraaktibitatea beste era batera idaztearekin konforme gara', aditzera eman diote, CEOErekin adostutakoaren bidez. «Ituna berritzeko konpromisoa dagoen bitartean» eroritako hitzarmenak indarra izan dezala; horixe baizik ez diote eskatu presidenteari.

Eta eskaera hori aintzat hartuta, erreforma orrazten saiatuko da Sanchez, orain; ikusteko dago, ordea, Rajoyren aurkako zentsura mozioan lerrokatu ziren izarrak azalduko ote diren berriro Kongresuan. 2020rako deituko du hauteskundeetara PSOEk, eta ordurako komeni zaio aldaketa sustatzeko gai dela erakustea.

Sanchez Moncloara iristeko EAJren laguntza ezinbestekoa izan zen moduan, aurreikus daiteke erreforma ukitzeko ere horrela izango dela. PPren erreformak EAJri non egiten dion azkura asmatu beharko du presidenteak, eta ez du ematen ultraaktibitateak asko gogaitzen dituenik Sabin Etxean. Zazpi egunetik behin da jaia, baina ez da komeni politikari honen zoriona gutxiestea. Genova kalean badakite.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.