Albistea entzun

GEURE KONTU

Euskaltel: akzioak jarriko du erritmoa

Euskaltelen burtsaratzearen irudia, 2015eko uztailaren 1ean, Bilbon.
Euskaltelen burtsaratzearen irudia, 2015eko uztailaren 1ean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE Tamaina handiagoan ikusi

Jon Fernandez -

2019ko ekainak 9

Euskaltelen gidaritza Zegona Erresuma Batuko funtsak hartu duen aste honetan, urrearen balioa hartu du BBK-ko arlo juridikoko buru Javier Aldazabalek agerraldi publiko batean asteon bertan egindako aitortzak: «Oso zaila izan zen [Kutxabank] burtsara ez ateratzea erabakitzea, baina erabaki hori hartu zuenak asmatu egin zuen». Aitortza berretsi du, gainera, Xabier Sagredo BBK fundazioko presidenteak: «Denborak arrazoia eman digu».

Mezu argi bat ematen du BBK-ko buruzagien adierazpenak: marra igaro eta gero, alferrekoa da negar egitea. Marra, kasu honetan, burtsara buruz behera salto egitea da. Mario Fernandezek izan zuen tentazioa hiru banku ohien —BBK, Kutxa eta Vital Kutxa— fusiotik sortutako finantza erakunde berria (Kutxabank) burtsaratzeko, baina kolpean moztu zioten tentazioa eta kendu besaulkia.

Euskaltelen, aldiz, ez zioten eutsi tentazioari, eta marra igaro zuten 2015eko uztailaren 1ean, burtsara salto eginda. Gainera, presio sozial eta politiko handia egin behar izan zen orduko zuzendaritzako 24 kideek burtsaratzearekin 44 milioi euroko bonusa orduan bertan ez poltsikoratzeko —44 milioiak akzioetan berrinbertitu zituzten azkenean—.

Oso urruti geratu dira sorrerako nortasun marka eta irizpideak. 1995ean sortu zen, Eusko Jaurlaritzak (%40) eta hiru aurrezki kutxek (%60) jarritako diru publikoarekin: herri ikuspegiko proiektuaz hitz egiten zen orduan, eta deserrotzeaz orain.

'Erosi, konpondu, saldu'

Desinbertsio politiken bidetik, euskal erakunde publikoek Euskaltelen gaineko kontrola galtzea erabaki zuten, eta euren parte hartzeak saldu. Joan den apirilaz geroztik, Erresuma Batuko Zegona da akziodun nagusi (%21), Kutxabanken aurretik (%19,88).

Baina, esan bezala, Euskaltelek 2015eko udan igaro zuen Rubikon, ez orain, Zegonak lema hartu duenean —espero zitekeen ondorioa baita oraingoa—. Erresuma Batuko inbertsio funtsa zintzo ari da jokatzen, bere webgunean harro erakusten duen filosofiari jarraikiz: Erosi, konpondu, saldu. Arrisku kapitaleko funts bat den heinean, ez dio axola handirik Euskaltelen errotzeak, akzioa garestitzeak baizik.

Euskaltelen jabetzan konpainia pribatuak nagusitu zirenean erabaki zuten negozioa penintsularen iparraldera hedatzea: R Cable erosi zuen Galizian, eta Telecable Asturiasen. Orain, Zegonak penintsula osora hedatu nahi du, eta buruz buru lehiatu Espainiako konpainia handiekin. Horretarako, Virgin britainiarrak bere marka alokatuko dio haren izena erabil dezan, Euskal Herrian izan ezik, non eutsi egingo baitio Euskaltel izenari, errotzea errentagarria izan baitaiteke toki batzuetan.

Eta hori guztia zertarako? Euskaltelen akzioak garestitzeko, eta hori lortutakoan Zegonak konpainia beste funts edo sektoreko erraldoiren bati saltzeko. Erosi, konpondu, saldu. 2015eko udaz geroztik, akzioen bilakaerak markatzen ditu Euskaltelen norabidea eta erritmoa.

Deigarriena da —baina beharbada ez horrenbeste— akziodun guztiek egin dutela bat asteon Zegonak proposatutako gidariarekin (Jose Miguel Garcia) eta planarekin, baita Kutxabankek ere. Azken batean, bankuari ere akzioak garestitzea komeni zaio.

Burtsaratze egunean, akzio bakoitzak 10,05 euro balio zituen; orain 7,80 euro. Zegonarentzat eragiketa ez da errentagarria izango hamar eurotik gora igo arte, baina espero du Virgin operazioarekin urte gutxian balioa handitzea burtsan.

Eusko Legebiltzarrak Euskaltelen esku hartzeko eskatu die Jaurlaritzari eta Kutxabanki, deserrotzea saihesteko, nahiz eta bataila horren porrota 2015ean sinatu zen. Kutxabankek berak Rubikon igarotzeko tentazioari eutsita, gaitz erdi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mitxel Lakuntza hizketan, gaur, Bilboko manifestazioa. ©ELA sindikatua

ELAk lan eta pentsio erreformak indargabetzeko aldarrikatu du Hegoaldeko hiriburuetan

Paulo Ostolaza

Sindikatuak Ez gaitzazue Madrilen saldu lelopean egin ditu mobilizazioak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Ez dute baztertu greba orokorra deitzeko aukera.

Markos okindegiko irudia. ©Juan Carlos Ruiz

Argindar fakturak beldurtuta

Ibai Maruri Bilbao, Bizkaiko Hitza

Azken hilabeteetan biderkatu egin da argindarraren prezioa; markak hausten ari da. Etxeetako fakturetan ez ezik, enpresetakoetan ere igarri dute. Sidenorrek, adibidez, lan egiteari utziko dio hogei egunez, urtea amaitu arte, aurrezteko. Enpresa eta negozio txikiak ere ahal duten moduan ari dira aurre egiten.

Pedro Sanchez eta Ursula von der Leyen, Madrilen. ©JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Medgazen galdarak Almeriako (Espainia) El Perdigal hondartzan. ©MEDGAZ

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.