Noiz sortua: 2020-06-28 00:30:00

GEURE KONTU

Estatua babak eltzetik ateratzen

Lufthansako langileak, konpainiaren erreskatea ospatzen.
Lufthansako langileak, konpainiaren erreskatea ospatzen. RONALD WITTEK Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2020ko ekainak 28

Bruselak estatu laguntzen inguruko arautegi berria onartu du aldi baterako, COVID-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoak ez ditzan aurrean eraman industriaren hainbat motor nagusi Europan. Eta asteon iritsi da enpresen arteko lehiari eragiten dion ate hori zabaltzearen lehen operazio handia: Lufthansa. Europako Batzordeak 9.000 milioi euroko estatu laguntzak onartu dizkio Berlini, konpainia hori eta bertan aritzen diren milaka langileren enpleguak erreskatatzeko. Alemaniako Gobernuak hegazkin konpainiaren %20 bereganatuko du, eta enpresak hiru urte izango ditu parte hartze hori erosteko atzera.

Birusak hegalak moztu dizkio Lufthansari, gainontzeko aire konpainiei bezala, baina Alemaniako konpainia handiak Alemaniako Estatu handia dauka atzean babak eltzetik ateratzeko. Ikusteko dago lurrean dauden beste konpania batzuek ba ote dituzten atzean aireratzeko moduko laguntzak emango dizkieten estatuak.

Izan ere, norberaren enpresak salbatzeko indarrean sartu den Europako arautegiak baldintza berak jartzen dizkie estatu kideei, baina haiek ez dute gihar ekonomiko bera beren enpresa ikurretan esku hartzeko. Ondorioa da krisia atzean utzi eta susperraldia hasten denean enpresa batzuek besteek baino baldintza hobeak izango dituztela lehiatzeko; kapitalizazio sendo batek ematen duen arnasari esker, pandemiaren aurretik zegoen merkatuaren itxura aldatzeko gai izan daitezke, kuota eta posizioak irabazita, laguntza eskasagoak jasotakoen bizkar.

Estatu laguntzen inguruko arautegi berria eliteko kirolariei EPOa hartzeko aldi baterako baimena ematea bezala da, finean. Kontua da denek ez dutela diru bera dopinez aritzeko. Bruselan badakite zein den Txinako konpainia handiek duten abantaila munduko merkatuetan aritzeko; esaterako, CRRC trengintzako erraldoiak merkatu kuota handia eskuratu du proiektu garestiak finantzatzeko duen bermeari esker: Pekin da berme hori. Frantziako Alstomek eta Alemaniako Siemensek bat egiteko prozesua jarri zuten martxan iaz, CRRCri aurre egiteko munduan, eta gauzak nola diren: Lufthansaren erreskatea baimendu duen Lehia komisario berak galarazi zuen ezkontza hori, lehiaren arauak urratzen zituelakoan. Beasaingo CAFen ospatu ote zuten ez da ezaguna; motiborik bazen...

Euskal enpresen kezka

Euskal enpresetan bai baitago kezka beren lehiakideek jaso ditzaketen estatu laguntzak direla eta. Mondragon taldeko presidente Iñigo Uzinek onartu dio egunkari honi «oso gertutik» erreparatzen ari zaizkiela operazio horiei, gaur egun merkatuko lider diren euskal enpresa batzuentzat kalte izan daitezke eta. «Lur jota zeuden enpresak zutik jarri dituzte. Ez da berria. Eta arriskutsua da, bai, krisiak etortzen direnean merkatuko posizioak alda daitezkeelako».

Ez alferrik, estatu kideen 120 eskaera inguru onartu ditu Bruselak koronabirusarekin lotutako estatu laguntza bereziak direla eta; 27en ogasunak ia bi bilioi euroren bermeak, maileguak, donazioak eta bestelako laguntzak ematen ari zaizkie enpresei. Bada, kopuru horren erdia Alemaniako enpresentzat da; %17 Frantziakoentzat, eta %15 Italiakoentzat. Margrethe Vestager Lehia komisarioak berak onartu du Europako barne merkatuan lehiaren orekari eragingo diola horrek.

Eta timing-a zer den: Lufthansa bai, Naval ez. Aurreko urtean betiko itxitako Sestaoko ontziolako beharginek behin eta berriro eskatu zuten erreskate publiko bat, eta behin eta berriro erantzun zien Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak ezin zela. «Garbi esan behar dugu: ez da posible, ez erreskatea eta ez publifikazioa: Europako Batasunak eragozten du». Naval zabalik balego, agian aukera bat luke orain, arautegi berriari esker. Jakina, ahal izatea eta nahi izatea ez dira gauza bera. Administrazioak aitzakia bat gutxiago luke behintzat.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ordizian Barrena parkearen goiko aldean, osasun etxearen alboan jarri duten gunea. / ©Jon Ruiz

Ordizia, Etxezarreta kaleko zerbitzarien emaitzen zain

Jon Ordoñez Garmendia

Ekainaren 27az geroztik Etxezarreta kaleko ostatuetan ibili direnei PCR probak egiteko eskatu die Osakidetzak, badaezpada, eta ilara luzea sortu da horretarako jarritako gunean. Ordiziako Udalak bertan behera utzi ditu gaur hastekoak ziren udalekuak, eta Ordiziako EH Bilduk, kanpaina.

Herritar batzuk PCR proba egiten, Ordizian ©Jon Urbe / Foku

Hego Euskal Herriko herritarren %4,3k izan dute COVID-19a

Irati Urdalleta Lete

Seroprebalentzia azterketaren emaitzen arabera, ia 124.000 pertsona kutsatu dira Hego Euskal Herrian.

Maskara sorta salgai ©Marisol Ramirez / Foku

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna