GEURE KONTU

Metalgintzako itunaren atzealdea

Sindikatuetako ordezkariak Adegiren egoitzaren sarreran.
Sindikatuetako ordezkariak Adegiren egoitzaren sarreran. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2020ko urriak 18

Zer gertatu da historikoki euskal negoziazio kolektiboko hitzarmen gatazkatsuenean akordioa egon dadin, hamar urte pasatu eta gero? Otsailean hasi, eta zortzi bileraren ondoren, sindikatuen mobilizaziorik gabe, Gipuzkoako patronal Adegik eta sindikatu nagusiek, ELA buru dela, hitzarmen berria adostea lortu dute. Ez da beste edozein itun euskal negoziazio kolektiboan. Metalgintzak jarraibidea ipintzen die beste alorrekoei, besteak beste, babesten dituen behargin kopurua dela eta: 40.000 baino gehiago Gipuzkoan. Aparteko testuinguru batetik kanpo ez dago ulertzerik eragileen estrategiak alda ditzakeen gertaera hori. Hainbat aldagai daude agertoki zehatz bat osatu dutenak, eta lerrokatze berezi horrek ahalbidetu du hamar urtean ezinezkoa izan dena.

Adegik garbi utzi nahi izan du konfrontaziotik aldendutako «negoziazio moderno bati esker» erdietsi dutela akordioa, «gatazkarik gabe», «errespetuarekin» eta «bestearen aitortza eginez». Alegia, patronalak aditzera eman nahi izan du sindikatu matxinoak —ELA eta LAB— menditik jaitsarazi dituela, «enpresa kultura berriaren oinarriak» ei dituen negoziazio prozesu batera. Ez du esan 2019aren hondarrean eragileek Bizkaian egindako metaleko akordioak gatazka latz baten lorratza utzi duela, grebak eta manifestazio handiak tarteko, eta atxilotuak, isunak, kalte materialak... Ez du esan Bizkaiko prozesu horren itzalak erabat baldintzatu duela Gipuzkoako negoziazioa. ELAk deitu zuen mahaira urte hasieran ordezkaritza handieneko sindikatu gisa, Bizkaiko hitzarmena sinatu eta aste gutxira, eta Adegik oso gogoan izan du zer gertatu zen Cebek patronalaren eta batasun sindikalean jardundako lau sindikatu nagusien artean. Orain, enpresak eta langileak behin-behinekotasunera kondenatzen dituen pandemia baten gordinean, inork ez zuen nahi beste gatazka nekagarri bat, eta Adegik inork baino gutxiago. Gainera, lan erreformaren paretan pitzadurak ateratzen hasi dira Madrilen PSOEk eta Unidas Podemosek agintzen dutenetik. Aldaketak datoz, beharbada iragarri baino arinagoak, baina aldaketak azken finean, eta enpresen abantaila negoziatzean ez da betiko izango. Beharbada, garaia zen sektorean ordenatzeko, enpresen lehiari ere eragiten dion oihanari muga jarrita.

Pandemiak zer ekarriko beldur

ELAk ere ez du soka gehiago tenkatu nahi izan. Datorren ezezaguna izugarria delako ustea zabaltzen ari da enpresa askotan; «inork ez daki zer datorren», esan dio egunkari honi ELAko Industria Federazioko arduradun Unai Martinezek. Adegik mahai gainean jarritako azken agiria onartzeko urratsa egitea —«estatuko hitzarmen kolektibo onena» izan ala ez— ez zen erraza izango konfrontazioa banderatzat duen sindikatuarentzat. Eta erabaki horretan ere bere pisua izan du Bizkaiko prozesuak, LABek, CCOOk eta UGTk ituna egin eta ELA kanpoan geratu baitzen iazko abenduan. Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak ez du egoera hori errepikatzerik nahi izan. Ordezkaritzaren ia %49 dauka sektorean, eta erritmoa hark jartzen duela erakustea erabaki du, Adegirekin akordiorako oinarria eginez beste edozeinek baino lehenago.

«Batasun sindikala hautsi du» mugimendu horrek, LABen ustez, eta arriskuan jarri du akordioa. Sindikatu abertzaleak, CCOO eta UGT bezala, martxan jarritako tren batera igotzera behartu du Adegiren eta ELAren ezusteko akordioak. LABek ezezkoari eutsi izan balio —UGTk bezala—, lerro hauek metalaren porrotaz lirateke; baina «ardura ariketa bat» eginez, Garbiñe Aranburuk gidatzen duen sindikatuak modua aurkitu du 40.000 langileri eragiten dien hitzarmena egia bihurtzeko: Adegik baietzaren ateak ireki dizkio berdintasun alorrean batzorde bat eratzeko eskaintzarekin, eta langileen azterketa medikoak lanordu gisa zenbatuko direlako konpromisoa hartuz.

Eta hamar urteko korridore beltz baten amaieran argia piztu da bat-batean. Ez da gutxi aurrez aurre zabaldu den beste tunel bat igaro behar den honetan, inork ez baitaki haren luzera zenbatekoa den.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Jabyer Fernandez enpresaburua, Iurbenor taldeko jabea, artxiboko irudian. ©Miguel Toña / Efe

Zordun handi gutxiago daude, baina zor handiagoa dute

Iker Aranburu

Eraikuntzan huts egindako proiektuen bultzatzaileak dira zordun handienak, Lagilur (80 milioi) eta Iurbenor (52 milioi) buru dituztela.

Eserleku batzuk pilatuta, Iruñeko udaletxearen parean. ©Jagoba Manterola / Foku

Nafarroako ekonomia %15,7 handitu da udan, baina krisian jarraitzen du

Jokin Sagarzazu

BPGaren urte arteko jaitsiera -%6,1era murriztu da, jarduera ekonomikoak izandako erreboteari esker. Industriak eta kontsumoak gidatu dute susperraldia. Aurreikuspenei eusten die gobernuak

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, atzo, Bilbon. ©MARISOL RAMIREZ/ FOKU

Murrizketak ikusi ditu ELAk pentsio sistema aldatzeko proposamenetan

Imanol Magro Eizmendi

Mitxel Lakuntza «kezkatuta» agertu da edukiengatik, eta Espainiako elkarrizketa sozialerako mahaiak egin dezakeen galbahearengatik

<b>Langileen protesta, atzo.</b> ©J. F. / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna