Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Burgesketa

2014ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Unibertsitatean esplikatu zidaten estreina gentrifikazio hitzaren esanahia, karrerako hirugarren mailan, euskarazko terminologiarekin bueltaka genbiltzala. Benetako pasioa itzulpengintza baino hizkuntzalaritza zuen Aritz Irurtzun genuen irakasle, kasualitatez-edo gugana iritsita, kurtso hasierek dakartzaten tetris-saio liluragarri horietako baten ondorioz. Enkajatze-lanak behingoagatik itxuroso irten ziren, eta, azken finean, lehengai berarekin dihardutenez gero, lortu zuten bi langintzek elkar aberastea.

Lauhileko erdia eman genuen atzizkiak, aurrizkiak, tartizkiak, hitz-elkarketak, kalkoak eta neologismoak aztertzen, erdaretan formulatuta datozkigun baina sarritan ezinbestekoak zaizkigun kontzeptuak zuzenean gordin mailegatu ordez gurera ez-aranistaki aldatzeko tekniken bila. Neurtu ere neurtu behar genuen nolabait ikasitakoa, eta urtarrileko azterketan euskarazko baliokideak sortu genituen gaztelaniazko bost hitzentzat. Probaren nondik norakoak azaltzen ari zitzaigula iritsi zen gentrifikazioa, euskaratu beharko genituen kontzeptuen adibide. Aritzek berak proposatu zigun nik izenburutzat baliatutako ordaina.

Garai hartan gustatu zitzaidan… eta gero irakasgaia gainditu nuen, eta ikasketak amaitu, eta kontua ahaztu, eta gero entzun nituen bolo-bolo auzoen garestitzeari buruzkoak, eta ostera hasi nintzen gogoan hartzen eskola hura. Aurten bizilekuz aldatzean neure buruari onartu nion joeratxo ñoñoa aurretik ere bazuen hirira etorria nintzela, baina, egia esatera, fenomeno soziologikoak ez ninduen propio kezkatu, joan zen asteartean ogia erostea egokitu zitzaidan arte, neukan denborak eta nengoen tokiak derrigortuta gertuen zegoen okindegira sartu eta hantxe ikusi nuen arte, gupidagabe: diseinuzko barren boutiquea, oinarrizko elikagai bat saltzen duten usain goxoko merkatutxoa beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.