Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Marmotarena

2015eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Onartzen dut astelehen goizean ohiz kanpoko moduan erreakzionatu nuela, bere-berezko ez zaidan gisan jo ninduela albisteak, gehiago bainaiz derrepentean eta bixi-bixi sutzekoa, desosegu arrazoitu baten ondorioz etsita hondoratzekoa baino. Jakintzazu zergatik, bitaminaz makal nenbilelako, edo hoztuta, edo oroitzapenen bat neukalako eztarrian trabatuta. Goibel, funtsean, beste sasoi batzuetarako pentsatu hitzek zehatz balio zutelako gaurko egunetarako ere: beste behin zaharrak berri, beste behin gezurra ari du. Neka-neka eginda nengoela ebatzi nuen, astero ostera hasteaz.

Sareetan, aldiz, zenbaitek film bat ekarri zuten akordura, Groundhog Day (Marmotaren eguna), ekaitz batek erdi-erdian harrapatzen du-eta Phil protagonista, eta denbora-begizta batean murgilarazi, egun bera behin eta berriro biziarazi. Nahiz eta teknikoki ez den egun berdin-berdina, Phil begiztaz jabetzen delako, eta bihurrikeriak oro egiten dituelako, bai baitaki egunsentiak egun berbera, erabili gabe, ekarriko diola atzera.

Geuk ere badaukagula geure begizta propioa, etxeko txirrina jotzen du goizeko seietan, dirua lapurtzen digu, makur, zaku beltzetan; tematuta gaude, ordea, egun madarikatua atzean uzteko, Maialen Lujanbioren lerroak ez dituelako Aiora Renteriak etsita kantatzen ezpada indar geldiezinez, Lorea Agirrek idatzi bidegabekeriaren kronikak balio izan zuelako zerbaitetarako, testigantza biltzeko besterik ez bada, ahaz dezaten ez uzteko. Tematuta gaude, nola tematzen diren hipoteken iruzurrak eta desjabetzeen doilorrak salatzen eta ebitatzen dituztenak, nola tematu ziren herri harresi aitzindarian franko Baionan, Aurore Martinen atxiloketa eragozteko.

Philek lortu zuen moduan zerbait egitea biharamuna benetako egun berri izan zedin, geuk ere antzeko, asmatu behar dugu zein diren geure marmotarena iraultzeko gakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.