Kattalin Miner.
LARREPETIT

Ez da kasualitatea

2015eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Bihar egun handia dute bertsozaleek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Illunben izango da burrunba, bertsozaleon bista eta entzumenerako nahikoa askotarikoa suertatu dela esango nukeen finalean. Pozarren hartu baitut taularatuko den kuadrillaren eraketak, maiteak izateagatik asko, baina, nola ez, baita andre handi bik hain zaila den helmuga lortzeagatik ere.

Askok esango lukete ez dela hainbesterako azaña, jada emakumeak plaza eta oholtzetan daudela aise, demagun, literaturan bezalaxe. Kontuak kontu, zortzitik bi, lautik bat da nire estatistika perbertso feministan, eta horrenbestez %25. Baina arazoa ez da numerikoa, une batez datuak alde batera utzi eta sinistu nahi bagenu emakumeek salto egiten dutela oholtzara kasik trabarik gabe, baimenik eta barkamenik eskatu gabe (eta hemendik nire zorion eta eskertza handienak hala bidea egin eta atzetik zatozten guztioi), hori bera nola bizi den ez da inondik inora berdina oraindik.

Esan nahi baita, mundua —eta, beraz, bertso mundua ere— oraindik nabarmenki dagoela eginda gizonaren neurri eta doinura. Izan ere, esango bagenu emakume bertsolariek jakin dutela haientzako pentsatuta ez dauden joko arauetan ere onenak izaten (batzuk bai baitira), zergatik oraindik ez dute, adibidez, Zarauzko gaztetxeko kopla txapelketarik irabazten? (Epailea ikuslea denean).

Eta hemen, inongo akusaziorik gabe, jakina baita antigoaleko kontua dela bertsolaritza eta matxismoa alderatzea —dena Txirritaren garaira eramateko apeta feminista besterik ez—, entzule gisa eta entzuleei galdera bi: prest al gaude bertsolaritza berdintasunera moldatu eta hala jasotzeko? Zein da gure ardura?

Beraz, proposamen bat: bihar txalo zaparradak botatzeko orduan, zeinen ahotik zer ateratzen denean zerk altxarazten zaituen erreparatu iezaiozu. Ederki esan baitzuten honetaz askoz gehiago dakiten batzuek: «Ez baita kasualitatea» izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.