Eneko Gorri.
LARREPETIT

Gure esku

2016ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Asteburu honetan, 35.000 herritarrek euskal estatu burujabe baten herritar izatearen alde bozkatu dute. Euskal Herri osora hedatuko den dinamika zabal eta indartsu baten abiatze arrapala ederra izan dadila, irakaspenez kargaturiko ariketa baita. Hauen artean bat atxikitzekotan, ezer itxoin gabe etorkizuna gure esku hartzearen premia hori azpimarragarria zait.

Herri horietako hautesleari barkamenak, baina gaia gurera ekarri nahiko nuke Lurzaindiak Ainhize-Monjolosen antolatutako biltzar nagusia aipatzeko. Kide txarra izanki, ez nintzen hurbildu. Baina bertan errandakoa baino gehiago, jokatzen zenak nau interesatzen gaur. Lurren espekulazioaren eta laborantza azaleren murriztearen aitzinean, milaka herritarren akzioei esker Lurzaindiak berehala esku hartzea ahalbidetzen baitu «lurra denen ontasuna bilakaraziz, merkatu espekulatibotik betiko ateratuz». Ustezko aterabiderik aldarrikatu eta itxoin gabe, arazo konkretu bati molde zuzenean erantzuten dion tresna hauetarik da. Herritarren ekarpenari esker elikatzen den tresnak dira gehienak: euskal moneta, ikastolak, Herrikoa, gau eskolak...

Guk geuk egina, di-da, konplexurik gabe, akatsak onartuz bai, baina aitzinatuz. Gaitasun hori badugu gure herrian, baina baita errexki kritikatzeko joera ere (nik barne, daitort). Proiektu berri bat plazara ateratzen delarik, jendarteari ekar litzaiokeen onura ikusi aitzin, dituen mugak eta kontraerranak agerian emanen dizkiogu. Goraipa ditzagun lorpenak lehenik eta konpondu ditzagun okerrak ondotik.

Horiek hola, hamaika tresna egoki eraikitzeko gai izan gara Euskal Herrian; bihurkinarekin iltze bat paretan sartzea zaila dela konturatu eta mailua asmatu; azpitik eta auzolanean. Baina salbuespenak salbuespen. Kasu horietan, ezinbestekoa da botere publikoak gaia gertaera sozial gisa hartzera bultzatzea. Datorren asteko gogoetaren hasiera da hau...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.