xabier martin
GEURE KONTU

Baotou, Trump eta lur arraroak

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Baotou Txinaren jabetza da, Barrualdeko Mongolian. Urtero, 120.000 tonatik gora atera eta fintzen dira meategi hiri erraldoi horretan, eta oraindik erreserbak dauzka beste 30 urterako. Zer ateratzen den sufre usaineko infernu toxiko horretatik? Gaur egungo bizitzaren egunerokotasunean ezinbesteko bihurtu diren gailu teknologikoak egin ahal izateko lehengai estrategikoak, eta horien artean lur arraro gisa sailkatu dituzten hainbat mineral, praseodimioa, disprosioa edota iterbioa, batzuk aipatzearren. Zerk lotzen dituen ahoskatzeko hain zailak diren mineral horiek eta lerro hauen izenburuan azaltzen den Etxe Zuriko nagusi jaunak? Gerra komertziala, noski.

Lur arraroen hornidura Txinaren eta AEBen arteko merkataritza gerran sartu da bete-betean aste honetan, Washingtonek Huaweiri emandako kolpe itzelaren ondoren, hizpide baita mundu osoan Pekinen ahalezko erantzuna. «Ez esan ez genizuela abisatu», idatzi du Alderdi Komunistaren hedabide ofizialak lur arraroak AEBei saltzeari uztea «aukera oso erreala» dela azaltzen duen albistean. Lur arraroak hamazazpi elementu kimiko dira, goi teknologia duten gailuetan ezinbestekoak. Txinak dauka lur arraro gehien munduan, eta haiek AEBei saltzeari uzteak mugarria jarriko luke gerra komertzialean. Maiatzaren 21ean, Googlek Huaweiren hegoak moztu eta hurrengo egunean, Xi Jinpingek bisita egin zion JL Mag enpresari, lur arraroak atera etafintzen dituzten sei erraldoietako bati. Mundua eraldatzen ari den teknologiaren bitaminak norenak diren gogoratzeko modu sotila izan zen. Txinan ateratzen baitira hamazazpi mineral arraro horien %80 baino gehiago, eta %90etik gora Txinan bertanfintzen dira, baita AEBan (Kalifornian) martxan dagoen meategi bakarrarenak ere. Han ez da behar murrurik migratzaileak gerarazteko; sufre kiratsa darion irudi apokaliptikoak edonor uxatzen du.

Ez da gasbide bat ixtea bezala

Lur estrategiko horien hornidura mozteko aukerak beldurra eragin dezake Etxe Zurian, berrikuntza osoak, industria berdeak, esaterako auto elektrikoak, eta beste hainbat atalek, baita militarrak berak ere, lur arraroak behar baitituzte. Mehatxu gisa eraginkorra izan daiteke, baina lur arraroen hornidura moztea ez da gasbide bat ixtea bezala. 2010ean Japoniaren aurka baliatu zuen estrategia hori Txinak Senkaku irlen gatazka dela eta, eta, ordutik, Washingtonek oso argi dauka Pekinen ia-monopolioa benetako mehatxua dela. Horregatik prestatu da tigre hori paperezkoa izan dadin, besteak beste, Brasilen, Australian eta AEBetan bertan lur arraroen jarduerari ekinez. Gaur-gaurkoz, ordea, oso handia da Txinarekiko duen mendekotasuna.

Pekinek iturria moztuko du, orduan? Ez da batere erraza hori gertatzea; hasteko, AEBetan soilik petrolioa fintzeko eta eraldatzaile katalitikoak egiteko behar dituztelako lur arraroak. Smartphone-ak, auto elektrikoen bateriak eta abar AEBetatik kanpo ekoizten dira, nahiz eta AEBetako konpainiek ekoitzi (Testa, Apple...). Pekin ez da hasiko hornidura modu orokorrean eteten, eta, hortaz, AEBek beti izango lukete aukera beste herrialde batzuei erosteko, produktua garestituko litzaiokeen arren. Mundu osoak behar dituen lehengaiak ukatzeko erabakia ez da berehala hartuko, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.