Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Munduko hiritar

2015eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Istorioa antzekoa da beti eta hala ere sakonean atsekabetzen nau aldiro. Hizkuntza debekatu, helduak baztertu, haurrak sorterritik aldendu eta ezagun zutenarekiko arroztu, eskola zibilizatzaile basatietan. Norvegian, Estatu Batuetan, Australian. Eta horiek neurri baketsuak dira, odolik gabeko bakearen zentzuan. Aurretik saiatu ziren, itzulingururik gabe, ahalik eta jende gehien akabatzen. Samiak, lakotak, martuak.

Buruz nekien gertaeren segida, beraz, eta hala ere tupustean harrapatu ninduen. Oin-ohar bat balitz bezala aipatu zuen Troms¿rako txangoko gidak, bidelagun ez ditudan hainbat nituela bidaian lagun. Beste zerbait ikustetik bueltan gentozen eta errepide puska bat zeukan mikrofonodunak aurretik, lugorri baten erdian: norvegiar esploratzaileen balentriak ezin aipa. Beste zerbait, orduan: biztanle autoktonoak. Horrelaxe esan zien.

Urrunean samien etxe tradizional bat ikusi genuen, gure lako turistak erakartzeko omen, gidaren esanetan, gaur egun, sami asko integratuta bizi baitira hiriguneetan, eraikin normaletan, nahiz eta beste batzuk bizimodu nomadari eutsi. Bestalde, gidaren esanetan, sami guztien (akabatu ez zituztenen) eskubideak bermatuta daude: unibertsitateko kartelak bi eletan dauzkate.

Hori izan balitz okerrena gaitz erdi. Bidaia bereko beste txango batean bidaia-lagun bertsuekin samien turista-etxea zeru-ertzean begiztatu ez ezik geldialdi bat egin genuen bertan souvenirrak erosteko. Eta horretarako baino izan ez balitz gaitz erdi. Gizon sami bat zegoen etxe samiaren ondoan jantzi samiak soinean: lau ertzetako kapela, orein zuria alboan. Jendeak berarekin atera zitzan argazkiak. Gidak azkenean arrazoi, besterik ezean integratu direla samiak bizitza modernora, kontsumo-kulturara, eta beren buru besteentzat exotikoak dituzte ondasun errentagarrien.

Giza zirkuek har ditzakete hamaika tankera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.