maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Mundu bat

2017ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Korrikaren gibeletik pasatu dugu asteburua zazpi gazte erok, Nafarroako hegoaldean barrena euskararen aldeko lasterketari gure aletxoa jartzen. Euri eta eguzki, hamar aldiz gutxienez atera zaigu ortzadarra, eta bueltan ekarritako irribarrea ere, haren parekoa: kolorez betea eta zabal-zabala.

Elkartu gara Carcarren Euskal Herriko gazte mugimenduetako kideekin, alternatibak euskaraz eraiki behar ditugula aldarrikatzeko. Lodosako ikastolako zuzendari eta irakasleekin aritu gara hitz-aspertuan, herriko euskararen egoeraz eta ez-egoeraz; animatu ditugu haizearen kontra borrokan jarrai dezaten. Musika bikaina jarri diguten taberna zulo batean egin dugu parranda, non gure herri ustez euskaldunetan baino euskarazko kantu gehiago jarri dizkiguten segidan. Ezagutu ditugu Tafallako plazako poteo-giroa eta egin dugu lasterka sekula entzunak ere ez genituen Valdorbako haraneko herrietan (bidenabar, ulertuaz nolatan atera zitzaion Lertxundiri halako paraje ederrei buruzko kantua). Larrabetzuko eta Zarauzko herritar taldeekin egin ditugu kilometro galduak; eta, Irunberrin, ikusi ditugu Baxenabarreko ikastola bateko 40 haur haien herri-senidera korrika egitera joateaz kontent. Ikasi dugu mihia korapilatzen bat-eta-batzuk-gara-hona-hara-euskara-bat-mundu-bat. Eta hainbertze errealitate ezberdin ezagututa pozik itzuli gara etxera, oraindik astean zehar Korrika harrapatzeko tarteren bat izanen dugun esperantzan, logika berean bai, baina bertze errealitate arras ezberdinetan.

Deskriba ezinak diren sentimenduak pizten ditu Korrikak, eta baita gau-eskola bat finantzatzeaz haragoko ekintza militante ugari ere. Euskarazko txute bat izanen da, seguru, toki erdaldunetako euskaldun eta euskaltzaleentzat. Euskal Herriaren txokorik ezkutuenak marraztu eta hurbilarazi dizkigu guri; ikusaraziz mundu anitz garela, baina, aldi berean, mundu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.