GEURE KONTU

Apokaliptikoak, Turkiara begira

Erdogan presidentea kanpaina egiten, aste honetan.
Erdogan presidentea kanpaina egiten, aste honetan. ERDEM SAHIN / EFE

Iker Aranburu -

2019ko martxoak 31
Apokalipsiaren iragarleak atezuan daude. Baita oraingo honetan atzeraldiaren zero kilometroa non dagoen asmatu nahi duten iragarle zuhurrak ere. «Nik abisatu nuen», esateko gogoa handia dute askok, ikusita 2007an eta 2008an gehienak zerura begira harrapatu zituela Atzeraldi Handia deitutakoak. Non, noiz eta nola hasiko da hurrengo atzeraldia? Galdera horiek afizioz edo ofizioz egiten dituztenak Turkiara begira aritu dira azken asteetan. Europaren eta Asiaren arteko zubia egiten duen herrialdeak emango al dio hasiera hurrengo atzeraldi globalari? Oraintxe, gehiegitxo dirudi hori esateak; azken finean, Turkiaren BPGa munduko ekonomiaren %1,7 eta %0,8 baizik ez da, zenbatzeko moduaren arabera. Baina mundu globalizatu honetan jakina da gaixotasunak herrialde batetik bestera erraz eta bizkor hedatu ahal direla, eta nahikoa dela batek doministiku egitea ingurukoak ere has daitezen.

Turkiak udan egin zuen doministiku lehen aldiz. Haren diruak, lira turkiarrak, bere balioaren %30 galdu zuen egun gutxitan, atzerriko inbertitzaileak dirua ateratzen hasi zirelako. Kezkatuta zeuden Turkiako ekonomiaren oinarri ahulekin. Izan ere, herrialdeak hazkunde ikusgarria izan du azken urteetan —%6,8 batez beste, 2010etik 2017ra—, baina horren zati handi bat atzerriko diruak finantzatutakoa izan da, eta dibisetan zorpetu dira enpresa eta herritar asko. Arazo handi bat da inflazioa kontrolatzerik ez duen herrialde batean. Recep Tayyip Erdogan presidenteak atzerriko konspiratzaileei leporatu zien errua, baina, kostata izan bazen ere, azkenean iritsi ziren lira egonkortu zuten neurriak. Besteak beste, interes tasak %24ra igo zituen banku zentralak, atzerriko diruak ihes egin ez zezan.

Botikak merkatuak lasaitu zituen, baina ekonomia atzeraldian sartu zen: -%1,6 hirugarren hilekoan, eta -%2,4 laugarrenean. 2019aren hasieran ez da hobekuntzarik espero.

Merkatuen astindua eta hauteskundeak

Bigarren doministikua joan den astearen amaieran etorri zen: bat-batean, lirak %6 galdu zuen. Atzerriko inbertitzaile batzuk antzeman zuten banku zentrala bere dibisa erreserbak xahutzen ari zela liraren balioari eusteko. Uste denez, erreserben %30 erabili ditu. Atzerriko «probokatzaileak» salatu, eta Erdoganek ezohiko beste neurri bat hartu zuen: atzerriko bankuei lira eskuratzea galarazi zien, espekulatzaileei bidea ixteko. Baten eta bestearen artean diruaren erorketa eten dute, baina ez dago garbi noiz arte. Gainera, gora egin zuen arrisku sariak, eta burtsa %6 erori zen egun bakarrean.

Merkatuen astindua garai txarrean datorkio Erdogani. 2002. urtean boterera iritsi zenetik lehen aldiz, oposizioak kolpe bat eman diezaioke gaurko udal hauteskundeetan. Atzeraldia, %20tik jaisterik ez duen inflazioa, langabeziaren igoera, mailegu ustelez betetzen ari diren bankuak, %18ko interesa ordaindu behar duen zor publikoa... Arazoak pilatzen ari zaizkio Ankarako gobernuari, eta atzerriko inbertitzaileak izutzeko neurriek epe erdira egoera okertu dezakete, haien dirua behar baitu herrialdeak bere kontu korronteko defizit handia estaltzeko. Egoera gehiago nahasteko, Erdoganen muturtuta dabil ohiko aliatuarekin, AEBekin. Udan, Andrew Runson apaizaren auziak nahastu zituen harremanak; orain, berriz, defentsa sistema bat Errusiari erosteko asmoa.

Erdoganek badu gauza bat bere alde: gaurko hauteskundeen ondoren, teorian ez dago beste bozketarik lau urtez. Hau da, presidenteak denbora izan dezake erreforma mingarri batzuk egiteko, azken urteetako hazkunde eredua —neurrigabeko eraikuntza eta barne kontsumoa— nolabait moldatzeko, eta bankuak aktibo toxikoez garbitzeko.

Turkiakoak arreta txikia eragingo luke baldin eta ez balira ugaritu ekonomiaren hazkundea moteltzen ari dela dioten datuak. Edo uxatuko balira Txinari buruzko betiereko zalantzak. Baina ez, ezkortasuna hedatzen ari da, eta, ginga jartzeko, akordiorik gabeko brexit-aren eztula gero eta jarraituagoa da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna