GEURE KONTU

Hiru hegaleko haize errota

Sorgailu eoliko bat. VASSIL DONEV /EFE.
Irune Lasa.
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Agoizko Siemens Gamesaren lantegia birrindu duen errotarria hiru hegalek mugitu dute:onshore (lurreko erroten) merkatuaren egoera izan da bat; berriztagarrien politikena da bultza egin duen beste hegal bat; eta hirugarren indarra erabakiguneko interesak izan dira.

Siemens Gamesa Renewable Energyk (SGRE) lortutako azken enkarguei begiratu besterik ez dago ikusteko offshore (itsasoko) haize erroten negozioak gero eta pisu gehiago duela taldean. Hain zuzen, offshore negozio horretan jardutekoak dira taldeak Europan zabaldu dituen lantegi berriak. Alemanian, Danimarkan eta Frantzian daude, sorgailu eolikoentzako ur sakonera abegikorreko itsasoei, Mantxako kanalari eta Ipar Itsasoari, begira.

Fabrika batzuk ireki, besteak itxi. Onshore (lurreko) erroten negozioan, berriz, badirudi SGREk palak ekoizteko fabrika bakarra nahikoa duela Iberiar penintsulan. Urrian iragarri zuen SGREk Senvionen Vagosko (Portugal) Rias Blades pala fabrika erosi zuela, Agoizko, As Somozasko (Galizia) eta Cuencako (Espainia) langileen atsekaberako. Esportaziorako eta penintsulako eskariei erantzuteko kokapen egokiagoarekin, Siemens Gamesak Rias Bladeserako iragarri ditu inbertsioak eta molde berriak. Aldiz, Agoitz itxi egin du. Eta As Somozasen eta Cuencan, oraingoz salbatu egin badira ere, ez daukate baikortasunerako arrazoi handirik.

Agoizko pala lantegiak azken hiru urteetan galerak izan dituela dio SGREk, onshore negozioa gaizki dabilela. Baina berriztagarriak nagusi bihurtzeko trantsizio energetiko betean ez al zegoen, bada, Europa? Hala da, eta ez dago zalantzarik, oraindik ere haize errotak beharko dira lurrean, penintsulan, eta ez gutxi.

Enkanteak

Baina horrek ez du esan nahi negozioak bere horretan dirauenik. SGREko buru kargugabetu berriak —hura ere birrindu du haize errota honek—, Markus Tackek berak, aipatu zuen akziodunen azken biltzarrean nola enkanteen sistemak estualdian zeuzkan sorgailu eolikoen ekoizle handi guztiak.

Europako eta munduko gobernu askok aldatu dituzte energia iturri berriztagarriak bultzatzeko politikak. Oraintsu arte, teknologiak, parke eoliko eta fotovoltaikoak garatzeko modu nagusia laguntzak ziren; instalaziorako laguntza zuzenak eta argindar merkatukoak baino prezio handiagoko kontratuak. Baina, orain, behin teknologiak garatuta daudela, ia gobernu guztiek enkanteen tresna hautatu dute berriztagarrien hedapena eta kostu txikiagoen onura ziurtatzeko. Iturri jakin bateko hainbesteko ekoizpen ahalmena nahi dela? Enkantean jarri, eta argindar preziorik txikiena eskaintzen duen garatzaileak (beste hainbat baldintzaren artean, jakina) lortuko du kontratua (egingo du parkea). Argi dago, garatzaileentzat marjinak estutu badira, zer esanik ez, erroten egileentzako errentagarritasunak ere ez dira garai batekoak.

Deskarbonizazioak aurpegi anitz ditu. Iberdrolaren partea erosi ostean, Siemens Gamesaren %67aren jabea Siemens Energy da, eta guztiennagusi, Siemens AG. Alemaniako konpainiatzarrak jada iragarri du, Siemens Energy bereizi egingo duela taldetik. Hiruko karanbola lortu nahi du horrela Siemens AG-k: batetik, kontuetatik SGREren zenbaki gorriak urruntzea; bestetik, industriarako digitalizazioan eta halako negozioetan jartzea arreta; eta azkenik, 2030. urterako konpainia karbonoan neutral izatea.

Zikin, garbi, fosil, berriztagarri, Siemens AGek energiarekin lotutako negozio nagusiak Siemens Energyn bilduko ditu, eta 2020 honen bukaerarako burtsaratuko da talde berria (%55 hasieran).

Mugimendu horietan guztietan non geldituko da Siemens Gamesaren euskal erabakigunea? Birrinduta. Hori izan zen errotarriak txikitutako lehendabiziko gauza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.