Irune Lasa.
GEURE KONTU

Whatsappeko segadak

2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Nor ez dago Mark Zuckerbergen sareetan... Harrapatuta? Berdin dio hura saihestu nahian propio Facebooken ez egotea, Instagramik ez izatea. Berdin dio; konturatu ez arren, segada zain dagoelako, Meta taldearen atzaparretan erorarazteko lehenago edo geroago. Adibidez, segada horietako bat lehen semea edo alaba Haur Hezkuntzara iristen denean dator: gelako gurasoen Whatsapp taldea.

Izango da Whatsappik nahi ez eta talde horretan ez parte hartzeko hautua egingo duenik. Baina eztabaidaezina da oso zaila dela, hainbat ikuspegitatik, seme edo alaba txikiaren gelako Whatsapp taldetik at egotea (barruan egotea ere zaila gerta daiteke, ados; baina, irakurle, lerrook ez dute galbide hori hartuko).

Behin segadan harrapatuta, gero eta erabiltzaile gehiagoren datuak pilatuz doa Meta taldea —lehen, Facebook Inc.—. Hura da-eta Facebooken, Instagramen, eta, bai, Whatsappen jabea ere. Hori bai, Datuen Babeserako Europako Araudi Orokorraren ondorioz, Whatsappeko erabiltzaileen daturik (kontaktuak, esaterako) ezin du eduki Facebookek; AEBetan, berriz, izan eta erabil ditzake, adibidez, publizitate egokituak erakusteko.

Europan ezin, baina, edonola ere, mundu guztiak Whatsapp dauka apeuarekin erabiltzaileak bata bestearen ondoren harrapatuz, gero eta handiagoa egiten joan da mezularitza zerbitzua.

Nola ahuldu Whatsappen nagusigo itzel hori? Galdera horrentzako erantzunetako bat joan den astean Europako Batasunak onartutako DMA (Digital Market Act) Merkatu Digitalaren Legean dago. Mezularitza zerbitzuen arteko elkarreragingarritasuna behartuko du legeak: Whatsappeko mezu, argazki, bideo, eta abarrak Telegram edo Signal bezalako beste mezularitza zerbitzuetara bidali ahal izango dira, eta alderantziz.

Kontsumitzaileen aukerak ugaltzea, negozioek plataforma handien hesiak gainditu ahal izatea, eta oro har, merkatu bidezkoago bat dira, printzipioz, DMAren helburuak. Eta, mezularitza zerbitzuen ingurukoez aparte, beste hainbat neurri ere hartzen ditu, teorian behintzat, plataforma teknologiko handien nagusigoa higatzen dutenak: besteak beste, ezingo dituzte zerbitzu propioak mesedetu; enpresek datu propioetara (bezeroei dagozkienak ere) sarbidea izan ahalko dute; sistema operatiboek aplikazio denda alternatiboak eskaini beharko dituzte...

Handiei aplikatuko zaizkie neurriak; zehazki, 7.500 milioi eurotik gorako negozio bolumena eta 75.000 milioi eurotik gorako kapitalizazioa duten enpresa talde digitalei. Hesi zaindaritzat joko dira horiek (gatekeepers), Interneteko erabiltzaileen artean eta beste enpresen artean zaindari aritzeko adinako nagusigoa dutelako. Gehienak AEBetako enpresak dira, eta haien artean daude Google, Amazon, Facebook (Meta), Apple eta Microsoft.

2023. urte hasieran ezarriko da indarrean legea, baina trantsizio epe bat ere zabalduko da, besteak beste hesi zaindariak izendatzeko eta bakoitzari dagozkion neurriak zehazteko. Eta oraindik hiru urte pasatuko dira, elkarreragingarritasuna mezularitza zerbitzuen erabiltzaile taldeei, hots, Whatsapp taldeei, aplikatzeko (lastima).

Garrantzi handiko legea dela diote adituek. Hasteko, Europako Batasunak DMArekin estrategia aldatu duelako monopolio teknologikoekin, auzibidetik legegintzara pasatuz, eta laster etorriko den DSA Zerbitzu Digitalen Legearekin (Digital Service Act). Monopolio gisa jarduten duten konpainia teknologiko handien atzetik, urteetan ari da EB, auzi amaigabeetan, gero enpresen urteko irabaziei ia eragiten ez zieten isunak lortzeko... Auziekin nekatu dira Europako lehia agintariak. DMAk, esaterako, munduko negozio bolumenaren %10eko adinako isunak jasotzen ditu arau hausleentzat.

Edonola ere, garrantzitsua izan behar du legeak, enpresa teknologiko handiek hura atzeratu eta kamusteko lobbygintzan egindako eginahalari erreparatuta. Corporate Europe Observatoryren arabera, plataforma teknologiko handiek 2019az geroztik 150 bilera baino gehiago egin dituzte EBko karguekin.

Ikusi beharko da, dena den, legearen aplikaziorako zenbateko giharra daukan Europako Batzordeak, eta, besteak beste, nahikoa lagun jarriko dituen lan horretarako. Handiak dituelako parean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.