Eneko Gorri.
LARREPETIT

Perimetroak

2015eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako udalerri gehienek —158k— deliberatu dute.110 alde, 42 kontra. Lehen iritzia besterik ez da; udaberrian delibero formalagoa hartu beharko dute, baina HELEP hori bide onean da. Dena dela, gaur elkargo bakar horri buruz baikor izatea erabaki dut. Errotik konbentzitua naizelako gure jarrerarekin ni bezalako eszeptikoek inertziaren pisua azkartzen dugula eta, funtsean, sinesten dudalako fede txarra alde batera utzita eta dugunaren analisi objektiboa eginda galdu behar ez dugun aukera dela.

Gaur egun, Euskal Herria gure kontzientzietan existitzen da, hots Eskiulatik Karrantza Haranera, Debatik Cortesera, Eltziegotik Bokalera. Horrela eraiki dugu gure nortasuna, gure perimetroa, gure bizi espazioa, gure bidea. Horregatik, Tarnosen atzerrian eta Lekeition etxean sentitzen gara. Naturaltasun eta sinpletasun osoz, mendeetan zehar antolaketa administratiboak beste perimetro eredu bat inposatu badigu ere. Hiru administrazio artean zatituak izateaz gain, Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak den mendreneko ezagutzarik gabe departamendu batean urtuak dira. Funtsean, hor gara ohartzen zenbateraino administrazioaren perimetroak gure egunerokoa baldintzatzen duen. 158 herri horiek banatuak izanki, ezin dugu gure lurraldearen etorkizuna eraiki, ez eta errealitatea ezagutu, estatistika publikoak ere ez ikusiarena egiten digulako.

Hori dela eta, gure herrikide askorentzat Euskal Herria arrunt beste zerbait da. Aski da non hasi eta non bukatzen den galdetzea, perimetroen aniztasuna ikusteko. HELEP horrek interes bat bakarra baldin badu, beraz, guttienez 295.933 biztanle horientzat inkontziente hori kontzienteki existiaraztea izango da; pate kontserbaren etiketan lauburuaren eta ikurrinaren artean kokatua den Pays Basque folklorikoa baino askoz haratago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.