Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Utopia ere aspertuko da

2016ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Eduardo Galeano idazleak zioen utopia zeruertzean, zerumugan dagoela eta guk pauso bi eman orduko berak pauso bi atzera egiten duela eta zerumuga hamar pauso aldentzen dela. Orduan zertarako balio digun utopiak? Horrexetarako balio duela zioen, aurrera egiteko, pausoak ematen jarraitzeko. Astrak, ostera, #ezinezkoaokupatu darabil lelotzat okupazioaren 10. urteurrenaren harira; «litezkeen gauzarik ederrenak ezinezkoak dira okupatzen diren arte» dioskue. Eta aldean behar genukeen leloa delakoan nago, ezinezkoak okupatzen, ezinezkoak lortzen hasi beharkogenukeela albait arinen, itzarrik ere amesten. Aspertuko da egunen baten utopia ere beharbada atzera egiteaz, atzerapausoez. Jarrai dezagun bien bitartean aurrera ibiltzen, saltoka, hegaz.

Horregatik ezin ederragoa iruditzen zait, besteak beste, Baigorriko Etxauzia jauregia denon artean erosteko abiatu duten diru bilketa. Euskaldun bat, euro bat. «Irudiz, neurriz gaineko ideia bat» omen. Bada, horrelako ideia gehiago behar genituzkeela esango nuke. Errealistegiak bihurtu garela. Zer lirateke brainstorming-ak, ideia-jasak ere ideia zororik gabe? Hori bai, ideia zoroak izatea ez da nahikoa, gero berauek egia bihurtzeko ahalegina egin ezean. Laura Mintegik atzoko egunkarian aipatzen zuen moduan tristurak jota bizi garen sentsazioa baitut nik ere. Are gehiago, tristurak jota bakarrik ez, amets egiteko ilusioa ere galdu dugula esango nuke. Salbuespenak salbuespen.

Haurrei ehun lengoaiak garatzeko, ehun mundu eraikitzeko mugak jartzen dizkiegun legez jartzen dizkiogu geure buruari ere hainbat muga. Irudimena eskas dugu gurean. Zenbatetan esan, entzun dugu «ederra litzateke, baina...» Baina, baina... Bainak soloan. Geratu momentu bat eta galdetu diezaiogun geure buruari. Zein da okupatu nahi zenukeen ezinezkoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.