maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Herri garraioa

2017ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Ama lurraren zoritxarrerako, autoan ibiltzen naiz alde batetik bertzera egun bat bai, eta bertzea ere bai. Baina aste honetan ibilgailua tailerrera eraman behar izan dut, eta hara non hasi diren buruhausteak. Garraio «publikoaren» korapiloetan murgiltzea pentsatu dut hasiera batean —lehenago ere egiten ahal nuela pentsatuko du baten batek—, baina azkenerako bati eta bertzeari autoa uzteko ala norabait eramateko eskatzen aritu naiz, halabeharrez.

Eta ez da ene kapritxo hutsa, lagunok. Nahiz eta onartzen dudan maiz errazkeriaz jotzen dudala autora, denbora eta pazientzia ez baitauzkat sobera. Hobeki ulertuko didazue adibideekin. Demagun Lesakara joan nahi dudala Donostiatik, arratsaldean amatxiri bisita egitera. Gipuzkoako hiriburutik abiatzen den autobus zuzen bakarra 18:00etan ateratzen da. Bertze bi badira 16:30ean eta 19:30ean, baina herritik bi kilometrora uzten zaituzte. Eta bueltatzeko? Azken autobusa 19:15ean da, eta Irunen uzten zaitu.

Orain, demagun Baionara joan nahi dudala, Donostiatik baita ere (Lesakatik joatea ezinezkoa da ez bada auto-stopez, eta errazago jartzearren). Bada, egunean bi autobus bakarrik daude: 08:15ean eta 10:30ean. Eta itzultzeko? 11:15ean eta 12:15ean. Oso praktikoa guztia. Bestela, zera egin beharko nuke: Baionatik Hendaiara trena edo autobusa, eta gero trena Hendaiatik Donostiara... Hiru orduko bidaia? Eta zein preziotan? Bidenabar erran nahiko nuke Gasteiz-Donostia ibilbidea orduro dagoela, eta Bilbo-Donostia ordu erdiro...

Bitartean, Uxue Barkos anderea eta Iñigo Urkullu eta Alain Rousset jaunak elkartu egiten dira tarteka, Akitania-Berria-Euskadi-Nafarroa deitu dioten euroeskualde horretan, hiru «lurraldeen» arteko kohesioa sustatu eta ingurugiroa babesteko, bertzeak bertze. Eta horri guztiari forma emateko, ondorio argia: AHTa egiten bukatu behar dela... nik autoa erabiltzen jarrai dezadan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.