Teuns eta Cavalli garaile Fleche Wallonen

Euskal txirrindularirik onena Ane Santesteban izan da. Errenteriakoa hamargarren gelditu da

ainara arratibel gascon
2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Dylan Teuns (Bahrain) eta Marta Cavalli (FDJ) gailendu ziren atzo Fleche Wallonne klasikoan. Huyko maldak bere legea ezarri zuen. Zazpi euskal txirrindulari izan ziren lasterketan, eta Ane Santesteban (Bike Exchange) izan zen onena. Hamargarren amaitu zuen; Euskal Herriko emakume txirrindulari batek lasterketa horretan lortu duen posturik onena da.

Gizonezkoen lasterketan, sei lagunek osatu zuten ihesaldia. Simon Carr (Education First) eta Valentin Ferron (Total Energy) harrapatu zituen azkena tropelak. Bederatzi kilometro falta ziren helmugarako. Faborito guztiak batera ailegatu ziren azkenean Huyra. Enric Mas (Movistar) jarri zen buruan, Alejandro Valverderi igoera egiteko. Seigarren aldiz irabazi nahi zuen lasterketa espainiarrak. Azken metroetan, ordea, Teunsek erasoa jo zuen. Valverdek eutsi egin zion hasieran. Baina Bahraingoa indartsuagoa izan zen. Aleksandr Vlasov (Bora) izan zen hirugarren.

Emakumezkoetan, Annemiek van Vleuten zen faborito (Movistar). Huyko maldako lehen metroetan hark jotako erasoak apurtu zuen hamazazpi txirrindulariz osatutako multzoa. Hasieran, Cavallik, Demi Volleringek eta Liane Lippertek (Team SD Worx) eutsi zioten. Baina maldaren zatirik gogorrenean herbeheretarrak berriro aldatu zuen erritmoa, eta hor bakarrik Cavalli izan zen segitzeko moduan. Azken metroetan italiarra nagusitu zen.

Alpeetako Itzulian, Lennard Kamnak (Bora) irabazi zuen hirugarren etapa, eta Pello Bilbao (Bahrain) lider da oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.