Eguraldiak ez die saihesbiderik utzi

21 korrikalari hil dira Txinan, mendi lasterketa batean, eguraldi aldaketa bortitz baten ondorioz. Euskal Herriko mendi korrikalariek azpimarratu dute halakorik ez gertatzeko garrantzitsua dela material egokiarekin joatea.

Txinako Gansuko ingurune menditsuan gertatu zen ezbeharra. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Iazko geldialdia eta gero, bazirudien gauzak bere onera itzultzen ari zirela mendi lasterketen egutegietan. Kostata izan bada ere, bazirudien lasterketa asko eta asko berriro ere antolatzen hasiak zirela, pandemiari buruzko albiste baikorragoak iritsiz joan ahala. Baina lehen lasterketak martxan jartzearekin batera iritsi dira lehen albisteak. Txinan asteburuan izandako ezbehar batek astindu egin du mendi lasterketen egunerokoa.

Larunbatean gertatu zen ezbeharra, Gansuko (Txina) probintzian jokatutako Yellow River Stone Forest lasterketan, 100 kilometroko ibilbidea zuen karreran. Eguraldi iragarpenik okerrenek ere ez zuten aurreikusten gertatzekoa zen tragedia. Bat-batean izandako eguraldi aldaketa bortitz batek 21 hildako eragin zituen: hipotermiak jota hil ziren. Ezustean harrapatu zituen parte hartzen ari ziren 172 korrikalariak. Tartean, Txinako korrikalari ezagunak ziren. Antolakuntzak baieztatu zuenaren arabera, hildakoen artean zegoen Jing Liang. Lasterketa hiru aldiz irabazia zen, eta Txinako ITRA rankingik onena zuen korrikalaria zen. 31 urte zituen. Ez da hil den eliteko korrikalari bakarra izan: azken orduetan bertako hedabideek baieztatu dutenez, Guan-Jun Huang ere hildakoen zerrendan dago.

Ez dago beste konturik mendi korrikalarien artean azken egunetan, eta Txinako lasterketa izaten ari da haien artean eztabaidarako gaia. Askok antolatzaileengan jarri dute arreta, baina beste askok korrikalarien ardurarik eza ere aipatu dute.

Oso urrutira joan gabe, azken urteetan izan dira eguraldi aldaketak bortitzak Euskal Herriko lasterketetan ere: 2016an hala gertatu zen Zegama-Aizkorri lasterketan. Han zen Aritz Egea (Urretxu, Gipuzkoa, 1984): «Orduan ere aurreikuspenak ez ziren onenak, baina irteeran hamabost gradu egiten zituen. Gore-texa irteeran utzi, eta zira arrunta hartu nuen. Askotan ez bezala, aurreikuspena bete bakarrik ez, aurreikusita zegoena baino okerragoa izan zen. Aratzen jada hotz handia egiten zuen, eta Aizkorriko gailurrean ez nintzen ezertarako gai. Eskularruak ere ezin izan nituen jarri, eta zira ere beste batek jantzi behar izan zidan. Urbiako Fondan amaitu nuen hipotermia baten lehen zantzuak jasanda». Egeak argi dauka: Aizkorrin izan beharrean Pirinioetan izan balitz, «beste gauza batetaz» hitz egiten ariko ziratekeen.

Oihana Azkorbebeitiak (Abadiño, Bizkaia, 1981) ere lasterketa berean hartu zuen parte. Bigarren semea izana zuen 2015ean, eta atsedenaldi baten ostean itzuli zen berriro ere mendi lasterketetara: «Aizkorrira igotzen ari nintzela, ikusi nuen Uxoa Irigoien jaisten, hura ere hipotermiak jota. Nik ez nuen zira janzteko beharrik izan, baina hotza pasatu nuen».

2016ko Zegama-Aizkorri hura eta gero, 2018ko uztailean, antzeko zerbait gertatu zen Ehunmiliak lasterketan ere. Eguraldi iragarpenek zioten gauean eguraldi aldaketa zetorrela Burgosetik Gipuzkoa aldera. Hasieran, bazirudien ez zela Beasainera iritsiko, baina ez zen hala izan. Gauerdian, dagoeneko mendian sakabanatuta zeuden bi lasterketetako ia 1.000 korrikalarik bertan behera utzi behar izan zuten lasterketa. Ehunmiliak lasterketaren medikuen arduradun Haritz Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1981) ez du berehalakoan ahaztuko gau hura: «Erabakia hartzeko talde bat sortu behar izan genuen. Euskalmeteko radarraren eboluzioa ikusita, azkar batean erabaki genuen lasterketa bertan behera uztea. Argi geneukan ezin geniela korrikalariei Aralarreko parke naturalean sartzen utzi. Antolakuntza gisa, erantzun egin behar genuen. Bagenekien karga elektriko bat zela, baina ikusirik korrikalariek eramaten dituzten makilak milaka zirela, ezin genuen arrisku hori hartu. Hamar segundo behar izan genituen erabakia hartzeko».

Asko izan dira igandeaz geroztik antolatzaileak jo dituztenak Txinako lasterketan gertatutakoaren erruduntzat. 2015ean, Egea Txinan egon zen euskal selekzioarekin korrika, Munduko Kopako proba batean. Antolakuntzariazpimarra hau egin dio: «Hango arduradunak ezagutzea ez da batere erraza. Lasterketa haren antolakuntza pribatua zen. Oso bitarteko gutxi zituzten, eta boluntarioak ere ez ziren soberan». Dena den, ez du antolakuntzan bakarrik jarri arreta: «Batzuetan, korrikalariok gauza gehiegi uzten ditugu antolakuntzaren eskuetan, eta alderantziz ere bai. Hori konpondu beharreko gauza bat da. Nik argi daukat lasterketa baten antolakuntzan egongo banintz derrigorrezko materialarekin askoz ere zorrotzagoa izango nintzatekeela. Ez da batere kostatzen gore-texa edo manta termiko bat eramatea».

Antzera mintzatu da Azkorbebeitia ere. Hark ere argi dauka antolakuntzak derrigorrezko materialarekin izan duen hutsegitea izan daitekeela ezbeharraren gako nagusia: «Zira bat eramatera derrigortzea ez da ohikoena altuera horietan jokatzen den lasterketa batean. Ziraz gain, agian manta termiko bat eta txapel bat eramateko lasterketa zen. Beharbada horrek ez luke ezer aldatuko, izan zuten eguraldi aldaketa bortitza kontuan hartuta, baina lagunduko zukeen».

Eguraldiaren iragarpena

Lasterketa asko egindakoa da Azkorbebeitia ere. Maiz izan da Pirinioetan, Alpeetan eta munduko beste hainbat lasterketetan: «Batzuetan begiratzen dut eguraldi iragarpena, baina beste askotan ez. Nik ere argi daukat: ezaugarri horietako lasterketetan, derrigorrezko materiala zorroztu egin beharko litzateke». Adibide argigarri bat jarri du: «Eskozian jokatzen den 28 kilometroko Ring of Steel lasterketan, derrigorrezkoa da mahuka luzeko zira bat eramatea, baita praka luzeak, manta termikoa, txapela eta mugikorra eramatea ere. Horretaz gain, antolakuntzak GPS bat ipintzen digu korrikalari guztioi».

Esnal, lanbidez medikua izateaz gain, mendi korrikalaria ere bada. Lasterketa askotan parte hartutakoa da hura ere: «Badirudi antolakuntzak oso gauza gutxi zituela jarrita derrigorrezko material gisa, eta sinestezina da zira ez izatea derrigorrezkoa. Halere, bakoitzak jarri behar du zerbait bere aldetik: bai antolakuntzak, baita korrikalariek ere». Esnalek ere gogoan dauka berak ere Asturiaseko lasterketa batean bizitakoa. Ekainean Europako mendietan ospatzen den lasterketa batean parte hartu zuen 2014an: «Gailurretan elurra zegoen, eta derrigorrezko material asko eskatzen zuten: kranpoi txikiak ere bai. Nik ez nuen ezer soberan izan», azpimarratu du. Esnalek oraindik gogoan dauka nola lasterketako zuzendariak erdi negarrez eskatu zien mesedez kontuz ibiltzeko eta gutxienez hiruko taldetan ibiltzeko: «Eguraldi iragarpenek huts egin zuten, baina prestatuta zeuden edozertarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.