Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Errefrauaren puntx ahaztua

2015eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Bozka postaz emateko aski bixkor ibili ez ziren nafar, arabar, bizkaitar eta gipuzkoarren batzuk direla-eta, migrazio-mugimendu berezixka bat gertatu zen atzo lurralde horien ingurumarietan, beren #herritxiki-etatik kanpo bizi baina bertan erroldatuta segitzen duten espezieko askok jaioterrirakoa egin baitzuten asteburuan, foru-hauteskundeen kari, batik bat beren garaian urrunegi alde egin ez zutenek, soilik nahikoa urruti.

Batzuek egunean bertan egin zuten joan-etorrikoa, kotxedunak gehienak. Beste batzuek, garraio publikoaren erabiltzaile gajoak, larunbateko azken ordua baliatu zuten, eskualdearen arabera jakina delako nola den nekeza jaiegunez eta autobus/trenez «ezerezaren erdia» omen diren horietara iristea.

Ikasleek, ordea, ostiral bazkalosteroko liturgia egin zuten, zeinaren maiztasuna aldatzen baitoa ikasturteek aurrera egin ahala, zenbait bigarren etxean gero eta norberago sentitzen doazen heinean bereziki, lehenik izaten da ospakizuna astero, ondoren hamabost egunetik behin, eta konturatu orduko hilean behin baino ez.

Seguruena sekula itzuliko ez diren baina loturari artean badaezpada eusten dioten talde zorrozki oroituko (herriak ez die barkatuko) hainbatek ere aukeratu zuten, dena den, bariku iluntzea bidaiarako, estrategikoki kolpe bakarrean kitatzeko familia, kuadrilla eta monarkia parlamentarioarekikoak.

Niri neuri, sarri izan naizenez «han, kapitalekua» eta «bizi gera, ala?», ETB1en aurtengo saio arrakastatsuena bihurtu denaren berri estreina izan nuenean irudi horixe etorri zitzaidan berehala burura, itzuleretako arrangura-kopla, programaren twitter-traola sortzean izenburuari erori zitzaion puska, esaeraren zartakoa eta puntxa, saioan bertan inoiz gutxi planteatzen dena: infernu handiegia zitzaielako ospa egin zuten haiena, edo herri txikia kontrol-eremu gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.