Kattalin Miner.
LARREPETIT

Gure xerpak

2015eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Aste honetan artikulu bat irakurri dut Everesti buruz; Everesten dauden gorpuen ingurukoa. Gorpu horiek dirudienez urteak (hamarkadak) daramatzate bertan, eta gailurraren azken zatian erreferentziazko puntu bilakatu dira, gailurra lortu nahi duenak gorpuengatik baitaki non doan eta zenbat falta zaion. Gorpu horiek izen-abizenak eta oroigarriak dituzte bertan, eta otu zait ez dela metafora makala.

Pentsatzen jarri naiz gure des-memoria historikoan une batez, nola batzuek gailurra egin nahi duten azkar, lehenbailehen bukatu, eta bide bazterrean oraindik izen-abizenik gabeko zenbat gorpu dauden. Pentsatu dut, Quirogismo batek jota edo, guk geuk ere bidea gorpu horiek guztiak errekonozituz egitea dugula onena, eta, horregatik, bateko eta besteko eraildakoak bidean mugarri izanda soilik egin dezakegula aurrera.

Artikulua irakurtzen jarraitu dut, metafora hori pixka bat findu nahian, eta hara non argia egin den. Izan ere, pasadan aipatzen du nola AEBetako ez dakit zein famaturen gorpuaren puntuan ba omen daude hura jaisteko ahaleginetan hil ziren bi gizon. Izenik gabeak horiek, eta erreferentzia puntu gisa kontuan hartzen ez direnak. Xerpak omen. Besterik ez. Eta gure Everest hipotetiko honetan pentsatzen hasi naiz berriro. Gureen memorian. Eta pentsatu dut zenbat xerpa ote dauden gure historian eta zer esan nahi ote duen xerpak gurean. Xerpa indarkeria matxistak eraildako emakume bakoitza izan daitekeela, erreferentzia puntu ere ez dena. Izen-abizenak ere akordatzen ez ditugunak. Zenbat andre galdu ditugun mendiaren gailurrari so geunden artean. Zenbat andrek daramaten oraindik besteen zama bizkarrean.

Eta, hala, pentsatu dut metaforarik gabe geratu naizela, gatazka bera ere desitxuratu zaidalako, mendia eta goia, konponbide ditxosozkoa, hildakoak eta eraildakoak. Baina soilik dakidana da xerparik gabe ez dagoela gailurrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.