Eneko Gorri.
LARREPETIT

Gangrena

2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Pasa dira Frantziako eskualde hauteskundeak. Larrialdi egoera eta instituzioen konpetentziak iraultzen dituen Notre legearen artean, testuinguru berezi batean iragaten ziren. Aski ez balitz bezala, zementu artifizialarekin kolatutako makro-eskualde berriak osatu dira lehen aldiz.

Hauteskunde biharamun guzietan bezala, sufragio honetatik hamaika irakaspen atera daitezke. Euskaldunontzat interes guttiko kontsulta izateaz aparte, Fronte Nazionalaren igoera iraunkorra azpimarragarria zait. Analistek azaroaren 13ko atentatuek sortutako beldurrarekin lotzen dute bozka hori. Babesleku-botoa. Hori ez zelarik, klase politikoaren errepresentatibitate eta eraginkortasun eskasa zigortzeko botoa zela esplikatzen ziguten. Gaztigu-botoa. Ondotik etorri zen ere krisia sozialak eragindako haserrea. Protesta-botoa. Eskuin muturraren aldeko botoa erreakzio gisa aurkezten den boto bat da, odol-beroa, irrazionala. Baina azalpen horietan mugatuz, erantzun egokia atzematea zaila da.

Maluruski, uste baino ideologikoagoa den botoa da. Ohartu gabe, pentsamenduaren benetazko iraultza bat gertatzen ari da Frantzian, beste Europako hainbat herritan bezala. Duela zenbait aste, aburu inkesta sakon batek gaur egungo gazteak azken mende erdiko gazteria erreakzionario eta atzerakoiena zela zioen. Jendarte gaiei buruzko iritzi eta balioetan nabaritzen da gehienbat, abortua, kontrazepzioa, sexu berdintasuna bezalako zutoinak zalantzan emateraino. Kafe makinaren inguruan entzuten diren elkarrizketetan ere garbi agertzen da diga ideologikoak banan-banan erortzen direla.

Min egiten zaie «une et indivisible» amesten duten Frantzia handia zartatzeko puntuan dela ikustea. Baina autokritikarik ez. Integrazio politika asimilatzailea eta aniztasunaren kudeaketa uniformizatzailea zalantzan eman beharrean, kanpoko faktoreak hobenduntzat hartzea errexago da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.