Eneko Gorri.
LARREPETIT

Apezpitoa

2016ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Iragan astean, Marc Aillet Baionako apezpikua berriz ere nabarmendu da eztabaida publikoan. Bere komunikazio arduradunak gaizpide hartu du, Donibane Lohitzuneko ihauterien karietara bere figura errepresentatzen duen zanpantzar erre izana. Sare sozialen bidez adierazi du bere kexa, eta sarean mugatu dira erantzunak. Miserikordiaz beteriko ihardukitzean, bere aldetik gotzain muturkaria «laikotasun agresiboaz kezkatua» agertu da. Ez zait iruditzen, alta, auzia antolatu duten gazteak «laikotasunaren» izenean ari zirenik. Muturreko posizioen kontra bai, abortuaren aurka izan dituen adierazpenen kontra segurki, jendarteari buruz duen ikusmolde atzerakoiaren kontra dudarik gabe. Baina nire uste xumean, laikotasunak ez du gauza handirik ikusteko afera honrtan.

Horiek horrela, herriko plazatik hasitako bataila, sare sozialetan eta egunkari digitalen komentarioetan bukatu da. Negua bukatzen ari den ihaute garai hori interesgarria da. Aitzinetik bizi izandako gertakari ilun guziak erre eta etorkizunari baikortasunez ekiteko trantsizio garai ederra dugu. Indibidualismoa eta axolagabekeria deitoratzea modan den bitartean, gazteria plazara ateratzen da, aktualitatea bereganatu eta molde zirikatzailean plazaratzeko askatasuna hartuz. Trufa eta autotrufa nagusitzen dira. Iragan larunbatean, Baionako zirtzilek ere molde ezin ederragoan biziarazi dute zirikaren izpiritua.

Bere solasekin elizak husten dituen Aillet apezpikuak, herraz ikusi behar du «askatasuna» eta «satirarekin» plazak betetzen direla. Negua/Uda, Iragana/Oraina, Kontrola/Askatasuna, Zentsura/Trufa, Txarra/Ona.

Iragan mende bukaerako kantu bat burura datorkit. «Hezitu egin gaituzte begi honen pean, ona eta txarraren patroia inposatuz, baina botoia off-en jarri bezain pronto, ez onik ez txarrik... hil da jainkoa!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.