GEURE KONTU

Hurrengo krisiaren itzala luzea da

Christine Lagarde NDFko zuzendaria, joan den astean. STEPHEN JAFFE / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
«Argi dago beste krisi bat gertatuko dela; kontua da inork ez dakiela noiz gertatuko den». Esaldi hori behin baino gehiagotan entzun da azkenaldian, eta indar gehiago hartu du Lehman Brothersen erorialdiaren urtemugaren harira egin diren interpretazioetan eta atzera begirakoetan. Egia da bost urtez hazkundea kateatu ondoren inork ez duela gogo handirik mamuak astintzeko, baina bistan da motelaldi txiki bat iragartze hutsak mundu guztia urduri jartzen duela, eta arrazoi objektiboak daude kezkatuta egoteko.

«Araudi batek berak ere ez du hutsera murriztuko krisi baten arriskua; beraz, agintariek apal jarraitu behar dute lanean», dio NDF Nazioarteko Diru Funtsak aurreratu berri duen azterketa batek. Funtsak heldu den astean jakinaraziko ditu hazkunde aurreikuspen berriak, baina Lehmanen urtemuga baliatu nahi izan du balorazio bat egiteko harrezkero egindako bidearen inguruan. Ondorio interesgarri batzuk daude hor. NDFk badaki ardura berezia duela kontu honetan. Ez zen gai izan zer etorriko zen aurreikusteko orain dela hamar urte. Arriskua neurtzen, huts egin zuen.

Oro har, NDFko ikerlariek «aurrerapen handiak» ikusi dituzte bankuen arriskuak kontrolatzeko —«seguruagoak dira», laburbildu dute—, baina araudiak eta legediak erreformatzeko prozesu osoa amaitu gabe dago, eta aurrera egiten jarraitzeko geroz eta traba gehiago sumatzen dituzte. «Errefomak egiteko nekea eta atzera egiteko presioak badaude, eta aurre egin behar zaie», ohartarazi dute.

Zer gertatzen ari da? Hazkunde aroa luzatu ahala, gertatutakoaren memoria lausotuz doa. Urakanaren erdian premiazkoa zena —gogoratzen kapitalismoaren birfundazioa?— bigarren mailara pasatu da agenda politikoan. Are gehiago, kontrola arintzeko lehen erabaki batzuk hartu dira. AEBetan, esaterako, Dodd-Franks legeak ezarri zuen ikuskaritza zorrotza kendu zaie teorian sistemikoak ez diren finantza erakundeei. Europan, banku batasunaren bidez hurrengo krisiari aurrea hartu nahi izan zaio, baina, beste hainbestetan gertatu denez, agindutako moldaketa guztiak amaitu gabe eta erdizka dauzkate estatu kideek, aurrera begira ziurgabetasunak dakartzan arrisku guztiekin.

Funtsean, olatuaren norabidea aldatzen ari dela susmatzen du NDFk. Finantza gehiegikeriei mugak jartzeko asmoz, arkitektura berri bat eraiki da herrialde gehienetan, baina atzera egiteko tentazioa hor dago, indarra hartzen. Gehiegizko konfiantzaren aurkako mezu argia eman dute funtsetik. Bankuen gaineko kontrola, bereziki sistemikoak diren horietan, «ez da ahuldu behar». Kontraesan handienetako bat da hori. Bankuak ezin ziren erortzen utzi, handiegiak zirelako. Hamarkada bat geroago, are handiagoak dira.

Ironikoa da azken 70 urteotako gainbehera ekonomiko handiena eragin duen sektoreari jarritako soka mozteko batzuek orain duten presa, kontuan hartuta krisiak munduko ekonomia gehienei egindako kaltea erabat zuzendu gabe dagoela. Beste artikulu batean, kalte hori kalkulatzen saiatu da NDF. Finantza krisia zuzenean izan zuten herrialdeen %85ek ez dute oraindik berreskuratu krisia gertatu baino lehen aurreikusia zuten hazkundea. Banku krisiak izan ez zituzten herrialdeen %60k ere ez dute lortu iragarritakora iristea. Krisiaren faktura gordinaren ondorioak dira.

Gertatuko den hurrengo kolpeari erantzuteko baliabideei buruzko kezka ere handia da. Defentsak ahul daude. Zorpetze globala —publikoa eta pribatua— inoiz baino handiagoa da: 158 bilioi euro, 2007. urtean baino %60 gehiago. «Seguruago gaude? Bai, baina ez nahikoa seguru», Christine Lagarde funtseko zuzendariaren hitzetan.

Besteak beste, itzalpeko banka, Fintech kreditu bitartekaritza egiten duten plataforma elektroniko berriak eta zibersegurtasuna gehitu zaizkio finantza negozioak betidanik izan dituen arriskuei. Ikuskaritza zorroztea eta ez lausotzea da gomendagarriena, hurrengo krisiaren itzala oso handia baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.