Euskal Herriko Itzulia. Ion Izagirre. Cofidis taldeko txirrindularia

«Berdin jarraituz gero, podiumean amaitzeko moduan izango naiz»

Badator Ormaiztegikoa Itzulian, atzetik aurrera, eta bere herriko zakurraren esaerak esaten duena egin dezake: aurrekoak harrapatu, eta pasatu. Hiru onenen artean jarri da, zarata handirik atera gabe.

MATHILDE L AZOU / COFIDIS.
Aitor Manterola Garate.
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ostegun arratsaldea. Bukatu berri da Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapa Zamudion, eta Ion Izagirrek zintzo erantzun dioBERRIArekin zeukan orduari Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Telefonoz erantzun ditu galderak, eta, hasi orduko, bi baieztapen deigarri: egunetik egunera hobeto dabilela, eta hurrengo eguneko etapaz abisua [atzokoaz], norbaitek sustoren bat izan zezakeela iragarriz. Bazekien zerbait. Koska bat egin zuen gora errendimenduan, eta Primoz Roglic geratu zen faboritoen multzotik kanpo.

Aurrean zabiltza Itzulian, baina erdi ezkutuan.

Egunetik egunera hobetuz noa. Ostegunean asteazkenean baino gorputzaldi hobea izan nuen, adibidez. Itzuli bukaerara bete-betean iristea da asmoa.

Ez duzu zeure burua faboritotzat jotzen, orduan.

Aukerak ditut, baina Itzulia irabazteko, ez dakit. Uste dut errealistagoa izango dela podiumari begiratzea. Berdin jarraitzen badut, baliteke lortzea. Horretan saiatuko gara.

Zein daude indartsuen?

Bat baino gehiago.

Lasterketa irekia egotea ona da, batetik, baina hautagai gehiegi agian, bestetik.

Bai. Adi egon beharko da mugimendu taktikoei,eta, jakina, norberaren indarrek lagundu egin behar.

Zer ari zaizu iruditzen ibilbidea?

Aldapa tente asko daude, ezezagunak, errepide estuak, koskak eta abar. Tranpa asko dago.

Nahiago halakorik gabe?

Azkeneko urteetan joera hori dauka Euskal Herriko Itzuliak, eta geroz eta aldapa gogorragoak sartzen ari dira, hobea delakoan. Onartu egin behar da azkenean. Iruditzen zait ez dela horrelakoen beharrik ikuskizunerako, bakoitzak ahal duena egiten duelako aldapa tente horietan. Malda txikiagoak ere badira nahiko gogorrak, eta min handia egiten dute. Baserri bideetan baino nahiago aldapa normaletan ibiltzea.

Zuretzat Itzulia da urteko lasterketa?

Karrera asko daude, baina azken urteetan zeresan handia izan du nigan. Asko aldatu dit kirol bizitza. Lau aldiz izan naiz podiumean, eta horietako batean irabazi egin nuen [2019]. Bestelakoan, errepideak ezagutzen ditut, etxekoak eta lagunak gertu izaten ditut kamino bazterretan, eta hori onerako da. Azkenean, futbolean bezala da: etxean jokatzea norbere fabore. Beste motibazio bat izaten dut etxeko lasterketan, eta, azkenaldian, denboraldiko prestaketaren lehen zatia Itzulira bideratzen dut.

Zer helburu dituzu Itzulia amaitzean?

Klasikak: Lieja eta Fleche.

Etxetik kanpora joan behar berriz. Gustatzen zaizu?

Gustatu baino, beharra da, lana. Nahiago nuke etxean denbora gehiago pasako banu. Umeak ere koskortzen ari dira, eta hori galtzen ari naiz. Baina ez naiz kexatzen, azkenean afizioa ofizio bihurtu dudalako. Urte gutxi dira, eta, hau bukatzean, beste gauza batzuetan hasiko naiz.

Zerbait propio ekartzen duzu etxetik lasterketetara?

Ez, ez naiz batere superstiziosoa. Burkoa bakarrik eramaten dut. Hotel askotan egoten gara, eta denetan ez dira onak egoten. Gertatu izan zait gaztetan gau txarrak pasatzea, atseden hartu ezina, eta horrelakoak.

Masajea eta gero, afaldu aurretik, zer?

Irakurri-eta ez. Egunean Behin egiten dut egunero. Baina ez naiz oso ona [barrezka].

Talde askotan al zaude?

Iaz Tourrean taldeko bat egin genuen [Astanan zebilen], eta beste batzuetan ere banago. Orain, taldean ezin; hizkuntza aldetik gaizki.

Zein duzu Itzuliko lehen oroitzapena ikusle gisa?

Lazkaomendin, Mentxovek irabazi zuen erlojupekoa. Aurrena etapa izan zen goizean, eta Jens Voightek erakustaldia eman zuen. 11-12 urte izango nituen.

Ordurako ziklista izateko ametsik bazenuen?

Txiki-txikitatik, aitaren atzetik sartu zitzaigun harra anaiari [Gorka] eta bioi. Tourra ikustera joaten ginen, Tourmaleteko etapa. Sekulako afizioa sartu zitzaigun. Gero, hemen, Itzulia, Donostiako Klasikoa eta Euskal Bizikleta ikustera joaten ginen. Gauza handia zen ziklistak pasatzen ikustea. Gero, bidoien bila joaten ginen herrian, lasterketa pasatu eta gero. Hartu bizikleta, eta ea zer biltzen genuen. Bilduma handia osatu genuen, nahiz eta gero etxean kasu askorik ez egin.

Orduan, umeren batek eskatzen badizu, azkar emango diozu, ezta?

Legea aldatu dute orain, eta ezin da edozein lekutan bota. Baina erdi ezkutuan ematen diet. Txirrindularitzaren xarma bada hori ere.

Sinadura eske ibiltzen zinen?

Ez. Lotsa ematen zidan. Hainbeste jende ibiltzen zen Euskalteleko ziklisten inguruan argazki eskean, bakean lagatzen nituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.