Kattalin Miner.
LARREPETIT

Ez tapa andreon ahoa

2015eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Harrabotsa altxatu da (egia esan, behar lukeen beste ere ez), ustez anonimoki sare sozialetan aritzen den jende andana batek Rafa Larreina berriz ere EH Bilduko zerrendetan doala salatu duelako. Hautagaitza horren aurkako argudioak ez dira berriak —zaharregiak gehituko nuke— eta hura zerrendetan joatea babesten dutenenak ere ez.

Burua duela lau urtera joan zait, akorduan baitut nola lagun hark esan zidan Belodromoko Amaiurren aurkezpenean emakumeen eta lesbianon eskubideen inguruko posizionamendu argirik azaldu ezean ez ziola koalizioari boza emango. Lagun hark ez zuen hautes-kutxan paperik sartu, beraz.

Lau urteren ondoren, berriz ere harri bera bidean, eta diote ez kezkatzeko, lasai egoteko, koalizioak argi dituela bere oinarriak, eta sinis genezake. Ez pertsonifikatzeko ere badiote, baina adi ibili behar lukete horrekin, zeren horrek esan nahi baitu egiturari begiratu behar geniokeela, eta ez ote da are grabeagoa barne hauteskundeei muzin egin eta gipuzkoarroi ez dagokigun horri boza ematea beste aukerarik ez ezartzea?

Baina, zorionez, ez gaude orain lau urteko belodromoan ere. EH Bilduko hautagaien artean, urrea balio duten pertsonak ez ezik, Euskal Estatu Feminista bat aldarrikatzen da, eta horrek, ulertu nahi nuke, intrintsekoki daramala gure eskubideen oinarrizko defentsa.

Niri ez zait Rafa axola, eta ez, ez noa besarkadarik ez labankadarik hari bidaltzera. Soilik esan nahi dut uzteko feministoi ahotsa altxatzen. Arren, otoi, ez tapa andreon eta feministon ahoa gehiago; izan ere, hemendik lau urtera agian, gure gaurko ahotsari esker, batzuek bihar ez dute beren burua justifikazio errenkada amaigabean topatu beharko. Agian gaurko ahotsei esker, eraldaketa sozial, politiko eta feminista aldarrikatzen duen alternatiba hori defendatu ahal izango dugu baina-rik gabe. Ez tapa andreon ahoa gaur, bihar aho betez defendatu ahal izateko gure aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.