maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Marrazki bizidunak

2017ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Betizu Klubari kexa gutun bat idatzi omen nion behin, txikia nintzelarik, Lapurdiko herritar gisa jasaten nuen injustizia baten berri emateko.BTShow-aren belaunaldikoa naiz ni, Okerren bihurrikerien eta inork ulertzen ez zuen untsa-untsa errepikakorraren garaikoa. Orduan ez zegoen ETB3rik, eta ETB1en goizean botatzen zituzten marrazki bizidunekin gosaltzen genuen haur euskaldunok, ikastolara joan aurretik.

Hego Euskal Herrian oporrak zirenean, ordea, aldatu egiten zuten Doraemon eta Shin Chan-en hasiera ordutegia, beranduago esnatuko ziren Bidasoaz mendebalderako umeentzat egokituta. Ipar Euskal Herriko bakantzetan, aldiz, ernatzen ginenerako helduentzako tertulia aspergarri horietako bat egonen zen, agian. Zeren eta, bai: oporrak ez baitira berak Pirinioen bi aldeetan. Aste Santurik ez da existitzen Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan, baina bi hilean behin bi asteko atsedenaz gozatzeko aukera bai. Eta hortik nire kexa euskarazko telebista kateari: kontuan har zezatela gure egutegia ere programazioa egiterakoan.

Suposatuko duzuen bezala, erantzun bai, baina ez zioten kasu handirik egin nire proposamenari. Uste dut erran zidatela arrazoia nuela, eta saiatuko zirela zer edo zer konpontzen... Aldatu bazuten, marrazki bizidunetatik telesailetara pasatua izanen nintzen ordurako. Eta orain arazo hori ez dago, umeentzako programazioa eguneko ordu askotan eskaintzen duen kate bat baitago. Txorakeria irudituko zaizue agian anekdotatxoa. Horrelako pasadizo txikietan ikusten da askotan, ordea, zerk bereizten gaituen egunerokotasunean Ipar eta Hego Euskal Herriko biztanleak. Egutegiaren ezberdintasunak, adibidez. Edota afaltzeko ordutegiak, edo... Halako eta bestelakoei buruz solas egiteko astea antolatu dute asteon Seguran, Iparra-Hegoa jardunaldietan. Banatzen gaituena ikusaraziz, batu behar gaituena marrazten hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.