Oinarrian oinarrizkoa

Rodrigo Ely funtsezko bihurtu da berriz Alavesen atzeko lerroan, belauneko lesio larria gainditu eta gero. Asier Garitanok hasieratik jarri du lehen hiru lehietan.

enaut agirrebengoa
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Izan zenera ari da itzultzen Rodrigo Ely (Lajeado, Brasil, 1993). Lesio baten erruz galdutako garrantzia berreskuratu du atzelariak. Fisikoki sasoi betean dago, denboraldi-aurrea inolako arazorik gabe osatu ondotik, eta Asier Garitanok haren alde egin du hasierako hamaikakorako. Guillermo Maripanen irteera eta Victor Laguardia eta Ximo Navarroren arazo fisikoak direla medio, brasildarra finkoa izan da Alavesek orain arte jokatu dituen hiru neurketetan. Lehenik, Maripanekin jokatu zuen; gero, Ruben Duarterekin, eta Getafen, Laguardiarekin. Bada, bikotekidea bata edo bestea izan, oso ondo aritu da.

Defentsakoa da lerrorik garrantzitsuena Alavesen. Izan ere, ahalik eta golik gutxien jasotzean datza, nagusiki, taldearen arrakasta. Ezinbestekoa da atzelariak harkaitza bezain gogorrak izatea, batik bat goitik datozen baloiak urruntzean. Bada, baldintza horiek goitik behera betetzen ditu Elyk. Bermea da aurkariak oldartu eta erdiraketak bata bestearen atzetik egiten hasten direnean, baita jokaldiak sortzeko joko zuzena darabiltenean ere. Defentsa garaia da 1,88 metro da luze, eta indarrez egiten du jauzi; beraz, goitik nekez gaindi diezaiokete. Eta azpitik ere, antzera, fisikoki oso ahaltsua izaki. Horrez gain, baloiarekin ere ez da herrena, nahiz eta Alavesen erdiko atzelariek luze jokatzeko agindua duten.

Ezaugarri horiei esker, funtsezko bihurtu zen Gasteizera iritsi orduko, 2016-2017ko sasoiko bigarren zatian. Milanek utzita etorri zen, eta Mauricio Pellegrinok tokia egin zion hasierako hamaikakoan berandu gabe. Liga amaierako norgehiagoka gehienak jokatu zituen, baita Espainiako Kopako final historikoa ere, alboan Zou Feddal zuela. Marokoarrak taldea utzi zuen udako merkatuan, eta Laguardia luzerako zegoen min hartuta. Hori horrela, brasildarra lau urterako fitxatu zuen Alavesek, hiru milioi euro ingururen truke. Atzelariak taldearen ezina nozitu zuen ligako lehen herenean, Luis Zubeldia eta Gianni De Biasiren esanetara; baina bere itxurarik onena eman zuen gero, Abelardo Fernandez iritsi ondotik. 31 partida jokatu zituen guztira, horietatik 30 titular moduan.

Haatik, haren garapena brastakoan eten zuen belauneko lesio batek. Iazko denboraldi-aurrean hartu zuen min, eta osatze prozesuak uste baino luzeago jo zuen. Martxoaren 30ean itzuli zen. Soilik bost partidatan hartu zuen parte. Ondo finkatuta zeuden Laguardia eta Maripan atzeko lerroan, eta brasildarrak erritmo falta logikoa zeukan. Horrenbestez, itzalpean gelditu zen, berriz ere argitara noiz itzuliko zain. Bada, berehala iritsi zaio aukera, denboraldi berria hasi orduko. Oraingoz, ondo profitatu du abagunea, eta, itxuraz, oinarrian oinarrizko izaten jarraituko du.

Lehia Magallanekin

Edonola ere, hobe du ez lokartu, ate joka ariko baita Lisando Magallan. Atzelari argentinarra izan zen Alavesek udako merkatuan egin zuen azken fitxaketa. Ajaxek utzita iritsi da Gasteizera, defentsen arteko lehia handitzeko. Elyren adinkidea da 25 urte ditu, eta etorkizun oparoa iragartzen diote askok. Adibidez, Ajaxeko kirol arduradunek, haren truke bederatzi milioi euro ordaindu baitzizkioten Boca Juniorsi.

Koska bat beherago, Alberto Rodriguez Tachi ageri da. Kapitaina zen Atletico Madrilen bigarren taldean, baina Diego Pablo Simeoneren deirik jaso ez, eta beste nonbait proba egitea deliberatu zuen. Elitean jokatzea da espainiarraren helburua, eta hamabi minutuz jokatu du oraingoz.

Ondo bidean, haien aurretik izango da Ely; bai kalitateagatik, bai eskarmentuagatik. Laugarren sasoia du Gasteizen, hamargarrena Europan. 16 urterekin fitxatu zuen Milanek, eta Italian zaildu ondotik, bidea ari da egiten Alavesen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.