Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Biharamuna

2014ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Aze ostiral parea egokitu zaidan segidan, Diada ostekoa aurrekoan eta Eskoziako erreferendumaren ondorengoa oraingoan…

…Godarden lan bat izan dut buruan bueltaka tarte honetan guztian. Tarantinoren film gustukoena Bande à part zela jakin ostean tematu nintzen zinemagile frantsesarekin, baina kafetegiko dantza xarmagarria begietaratu aurretik, beste ale godardiar nahi bada gorriago, nahi bada bitxiago, nahi bada filosofikoago batekin egin nuen topo, La Chinoise-rekin, noski. Solasaldi batean freskatu zidaten film horretatik gogoenen nuen eszena, irakasleak erreboltari gazteagoari trenean esaten dionekoa inportanteena ez dela iraultzaren eguna baizik eta iraultzaren biharamuna, Eguna, behin piztuta, ia berez auto-hauspotuko dela; Biharamuneko erabakiek, ostera, hausnarketa sakona behar dutela oinarri.

Antzera mintzo da Cat Boyd eskoziarra, Radical Independence Campaign mugimenduko partaidea, Ander Perezek eta Miren Altunak Argia-rako prestatu duten bideoan. Baiezkoaren aldeko kanpainan ari direnetatik inork ez duela uste independentzia panazea izango denik, utopiara zuzen-zuzenean daraman bidea; bai ordea aukera zabalxeagoa eskainiko duela eraldaketa soziala gauzatzeko, politika feministak eta sozialistak aurrera eramateko, demokrazia parte-hartzaileagotzeko, Westminsterrekin orain arte izan duten itunak baino.

Testu hau erreferendum eguneko 17:00ak baino lehen bidali behar dudala-eta (gehi ordu-eremuen kontua), Eskoziako galdera lotesleak zer erantzun jaso duen jakiteke, erremediorik gabe Pernandaren egia bat botako dudanez, hona Boyd atzera: jakitun direla gaurtik aurrera borrokan jarraitu beharko dutela, ohituta daudela, langileek borrokatuz lortu baitute beti lortu duten guztia/gutxia. Gertatzen dena gertatzen dela, biharamuna ez dadin bilakatu ezin buelta emandako bestondo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.