GEURE KONTU

Yellen hautatzeko Bidenen arrazoiak

Janet Yellen, Erreserba Federaleko buru zela.
Janet Yellen, Erreserba Federaleko buru zela. MICHAEL REYNOLDS / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2020ko azaroak 29

Jende asko zegoen beha Joe Bidenek nor aukeratuko Altxorreko idazkari. Ez da gutxiagorako, idazkari berria gidari erabakigarria izango baita herrialdea bere historiako krisi gogorrenetakotik ateratzeko. Ez dago modu bakarra krisiei aurre egiteko; argi frogatu zuen hori 2008ko finantza hondamendiari emandako erantzun zekenak. Pandemiatik eta Donald Trumpen arotik ateratzeko zer gidari, zer eredu hartuko dute AEBek Bidenekin? Altxorreko idazkari berriak, bidean asmatu ala ez, historia egingo du. Eta gidari hori Janet Yellen izango da.

Egia da ez Bidenek eta ez Yellenek ez dutela zaila izango aurrekoa hobetzea. Superheroien komikietako gaizto zitalen itxurako Donald Trumpek eta enparauek Etxe Zuria uzten dutenean, esperientzia handiko emakume oso errespetatu baten esku geldituko da AEBetako ekonomiaren lema. Erabakietan azken hitza Bidenen gertuko taldeak izango badu ere, Yellenen kontu joango dira AEBetako zerga politika, ekonomia bultzatzeko neurriak, eta baita merkataritza harremanak ere, Altxorreko idazkaria baita herrialdearen diplomazia ekonomikoaren burua.

Itzal handiko ekonomista bat hautatu du Bidenek. Etxe Zuriko ekonomisten nagusia Bill Clintonen administrazioan, 74 urteko Yellenek urteak egin ditu Erreserba Federalean; gobernadore aurrena, presidenteorde lau urtez, eta presidente gero, Barack Obamak izendatuta, 2014tik 2018ra.

Yellen usoa dela diote hedabide estatubatuarrek, austeritatearen aldeko belatzen aldean, Fed-en zegoenean gehiago kezkatzen zuela langabeziak inflazioak baino. Keynesen eskolakoa bada, behintzat. Era berean, desberdinkeriaren inguruan ere hainbat lan egin ditu, eta klima larrialdiari aurre egiteko karbonoa zergapetzearen alde agertu izan da.

Bere esperientziari eta ibilbideari esker, dagoeneko Bidenen bi gurari inportante bete ditu Yellenek. Batetik, erakutsi du Altxorra eta Erreserba Federala oraingoan elkar hartuta jardungo direla. Bi urtez izan zen banku zentraleko buruzagia, eta lanean orpoz orpo aritutakoa da Fed-eko egungo buruarekin, Jerome Powell errepublikanoarekin. Powellek hilabeteak daramatza Altxorrari dei egiten zerga neurriak har ditzan, dirua jar dezan pandemiaren ondorioz gorriak pasatzen ari diren herritarren larria arintzeko eta ekonomia akuilatzeko, baina Erreserba Federalak ezer gutxi lortu du Trumpen administrazioan. Orain Yellenekin gauzak desberdinak izango direla erakutsi nahi izan du Bidenek.

Lael Brainard, gobernadore errepublikanoz inguratutako Erreserba Federaleko gobernadore demokrata bakarra —Obamak izendatua— zen beste faboritoetako bat Altxorreko idazkari izateko, baina Bidenek Fed-en gelditzeko eskatu dio; ziurrenez, Powellen ondorengoa izateko banku zentraleko buruzagitzan. Gainera, Brainardek zailagoa zuen lehen aipatutako Bidenen bigarren guraria betetzea.

Eta Yellenekin bai, Alderdi Demokrata osoa konforme egotea lortu du Bidenek. Kontserbadoreak, zentristak, aurrerakoiak —betiere AEBetako estandarretan— xextran dabiltza demokratak, baina Yelleni abegi oso ona egin diote guztiek. Demokrata ezkertiarrenek ere ondo iritzi diote: «Ez da [Elizabeth] Warren, baina...».

Lehendik ere Altxorreko idazkari izateko aukera gutxi zituen Warrenek, baina Senatua errepublikanoen esku geldituz gero, batere ez. Altxorreko idazkariaren izendapenari oniritzia eman behar dio senatuak, eta Warrenek jai luke errepublikanoekin. Hori bai, oraindik argitzeko dago nola geldituko den AEBetako Senatua, Georgiako bi aulki bigarren itzuliaren zain baitaude (urtarrilean). Ehun aulkietatik, errepublikanoek 50 dituzte, eta 48 demokratek. Georgiako bi aulkiak demokratentzat balira, 50-50 geldituko lirateke, eta Kamala Harris presidenteordearen bozak hautsiko lituzke berdinketak. Baina demokratek zaila dute berdinketara iristea.

Eta horretara ere badator Yellen. Figura indartsua da, beharbada kontu jakin batzuetan errepublikano zentristenak bereganatu ditzakeena, edota bestela, senatu errepublikanoari izkin egiteko moduak topatuko dituena; adibidez, zerga igoeretan eta beste gai inportante batzuetan aurrera egiteko. Itzal handiak, irudi zentratuak, horretarako balio beharko lioke, are errazago Trumpek eta enparauek jokamolde heterodoxoen langa oso goian utzi duten honetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Garbitzaileen manifestazioa, gaur. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ehunka garbitzaile manifestatu dira beren lan baldintzen alde, Donostian

Xabier Martin

Eraikuntza eta lokaletako emakume garbitzaileek kale garbitzaile gizonezkoen aldean duten arrakala salatu dute, bi eguneko grebaren lehen jardunean

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

Gipuzkoak 118 milioi euroren zorra hartuko du, aurrekontuak %7,4 handitzeko

Iker Aranburu

Markel Olanok espero du bere gobernuaren proiektu izarrek EBren funtsak jasoko dituztela.

Los Angeles elizan egin dute protestaren berri emateko agerraldia ©Endika Portillo/ Foku

Manifestazio bateratu bat egingo dute Arabako enpleguaren defentsan

Aitor Biain

Hainbat enpresa eta sektoretako langileek deitu dute protestara. Hilaren 30ean egingo dute, Gasteizen.

Sidenorreko operari bat laminazio tren berriarekin lan egiten. Ekoizten dituen altzairu barrak ikus daitezke atzean. ©MARISOL / RAMIREZ

Sidenorrek ez du aurkitu berarekin fusionatu nahi duen enpresarik

Imanol Magro Eizmendi

Euskal altzairugintza taldea osatzeko eskaintza egin zien sektoreko beste enpresa batzuei, baina ez dute nahi izan. Iaz, %30 gutxiago fakturatu zuen, baina aurten ondo hasi da autogintzari esker

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.