xabier martin
GEURE KONTU

Sindikaturik gabe, hobeto

2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
CEOEk eskaini ditu asteon hitz zintzoenak erreforma indargabetu, modernizatu, makillatu edo harekin egingo duten dena delako horrek eragindako adierazpen uholdean: «Beldur» da ez ote diren enpresa txikiak eta ertainak «sindikalizatuko» sektoreko hitzarmenei lehentasuna itzultzen badiete. Alegia, sindikaturik gabe, hobeto. Eskertzekoa da horren ariketa zintzoa erreformak aldatu edo berretsiko dituen edukien inguruko adierazpen-mataza kriptikoaren aurrean: sindikaturik gabe hobeto ezarriko dituzte enpresek aldebakarrez beren neurrirako lan baldintzak, eta, bereziki, soldatak, langile gutxiko enpresa ez sindikalizatuetan.

Ezin da esan Antonio Garamendi getxoztarra abila ez denik negoziatzen asko duenean galtzeko, asko baitute galtzeko enpresariek Espainiako Gobernuak egin asmo duen lan araudiaren aldaketan. Moldean dagoen erreformaren benetako aurpegia, ordea, forma jakin batzuk erakusten hasi da, eta haiek islatu dute Garamendi ongi ari dela estu hartzen PSOE, urardotu dadin haren hauteskunde promesa izarretako bat. CEOEk ez du ezer aldatu nahi; hori da kontua: ezertxo ere ez. Neurrirako jantzi bat egin zion PPk 2012an, eta harekin gustura asko jarraituko luke; badaki maite duen jantzi hori gaurkotu egin behar dela Europako Batzordeak eskatu duelako, baina botoi batzuk ordezkatuta nahikoa du patronalak, eta Garamendi baleko ari da negoziatzaile rola jokatzen gizartera begira, mahai sozialean edozein aldaketaren galga bada ere.

Horregatik, atentzioa eman du horrenbesteko zintzotasuna enpresak ez sindikalizatzeko «beldur» adierazpen horretan; kartak gehiegi erakustea delako partida bere alde jartzen ari denean. Horrela erakusten du prentsaren bidez jakinarazten ari diren negoziazioak: berriro itunen ultraaktibitate mugagabea ezarri ordez, soilik egungo urtebetekoa baino luzeagoa egon daiteke; enpresek itunak betetzeari uzteko pribilegioa indargabetuko dela ez da segurua; kaleratzeen esparruan ez dute aldaketarik egingo, eta kalte ordain argalduek jarraituko dute, kaleratze kolektiboak egiteko erraztasunekin batera; enpresen kontratu finkoak gutxienez %15 izateko gobernuaren asmoa zapuztu du CEOEk, eta sektoreka ezarriko dituzte kupo malguagoak; eta patronalaren marra gorri askoren artean gorrienean ere ez da segurua espero zen aldaketa: sektoreko itunek lehentasuna berreskuratzea enpresakoen aurrean. Aldaketa horrek «atzeko atea» irekiko lieke sindikatuei enpresa txiki eta ertainetan esku hartzeko, patronalak azaltzen duenez mikroak itzalita daudenean.

Rosell baino sotilagoa da Garamendi

Indargabetu aditzatik baino gehiago du leundu aditzatik erreformak hartu duen bideak. Agian horregatik ez du sekula ahoskatzen indargabetu Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroak, nahiz eta Unidas Podemosek aditz hori sartzea lortu duen PSOErekin egin duen erreformaren inguruko itun politikoan.

Itunak itun, forma hartzen ari dena CEOEren betoa da. Espainiako eskuin liberalak azkar irauli zuen lan araudia, horretarako indar nahikoa izan zuenean. Sindikatuen oniritzia ez zen beharrezkoa izan 2012ko lege dekretua egin aurretik. Oraingo gobernuak «elkarrizketa sozialaren bidez alderdi guztiekin akordio justu eta orekatua» nahi du. Madrilen bide orrian, CEOEren baiezkoak desiragarria baino gehiago ezinbestekoa ematen du. Argitu gabekoa da Bruselak behartua den edo Brusela zurigarria den behartuaren itxurak egiteko; agian ez da argituko hori, baina betoa benetakoa izan ala ez, patronalak eraginkorra ematen du lan erreforma urardotzeko helburuan.

Garamendik ohi duen baino gehiago erakutsi ditu bere benetako beldurrak, baina, hala ere, sotila izan da Joan Rosell bere aurrekoaren aldean. Sindikatuak enpresa txikietan sartzea «eragotzi» zuela azaldu zuen hark duela hamar urte; patronalak «ezin zuen utzi» enpresak hain erraz «sindikalizatzea». Rosellen kartak ahoz gora zeuden ia beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.