jakes goikoetxea
TOKIO 2020. ERAZTUN MOREA. Alice Milliat

1920. urtea

2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Emakumeek XX. mendearen hasieran kirol gutxi batzuetan parte har zezaketen Olinpiar Jokoetan. 1900ean, Parisen, mila kirolari ingurutik 22 soilik izan ziren emakumeak. Emakumeen parte hartzearen aldeko mugimendua indarra hartzen ari zen, baina NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordea, Pierre de Coubertain buru, kontra zegoen: «Olinpiar Joko batzuk, emakumeekin, ez lirateke izango ez praktikoak, ez interesgarriak, ez estetikoak; desegokiak izango lirateke». Harentzat, emakumeen «egiteko bakarra» garaileak koroatzea zen.

Urratsak oso txikiak eta motelak ziren, eta zenbait emakumek aurre egin zioten egoerari. 1920ko Olinpiar Jokoetan, Anberesen (Belgika), emakumeei debekatu egin zieten atletismoko probetan parte hartzea. Hori ikusita, Alice Milliat atleta bretoiak aurrena Emakumeen Frantziako Kirol Federazioa sortu zuen, 1917an; lau urte geroago, FSFI Emakumeen Nazioarteko Kirol Federazioa. Emakumeen Olinpiar Jokoak antolatu zituen, lau guztira: 1922an Parisen, 1926an Goteborgen (Suedia), 1930ean Pragan eta 1934an Londresen.

Milliat, lanbidez itzultzailea, kirolaria zen: arraunlaria, hockey jokalaria eta igerilaria. Emakumeen futbola ere bultzatu zuen. Erreferentzia bihurtu zen Olinpiar Jokoetan emakumeen parte hartzearen aldeko mugimenduan.

Emakumeen lehen Olinpiar Jokoetan, Parisen, 11 kiroletan lehiatu ziren. 20.000 lagun baino gehiago joan ziren lehiaketak ikustera. Olinpiar Jokoetan emakumeen atletismoa sartzea lortu zuten. Ez zuen etsi, ordea,NOBk aurrerapauso gutxi egiten zituela ikusita. Atzerapausoak ere bai: 1928tik aurrera emakumeen 800 metroko lasterketa kendu egin zuten, gogorregia zelako. Milliatek mehatxu egin zion NOBri: emakumeak ezin baziren Olinpiar Jokoetako proba guztietan lehiatu, kirol guztiak aintzat hartuko zituztela Emakumeen Olinpiar Jokoetan.

1936an desegin zuten FSFI. Ordurako, lortu zuen Olinpiar Jokoetan emakumeek atletismo probetan parte hartu ahal izatea, gutxi batzuetan bazen ere, eta NOBko arduradunek kontrako jarrera bazuten ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.