Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Armairua zeu zara

2015eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Iragan berri den LGTBfobiaren kontrako nazioarteko egunaren harira, sexu-askatasunaz esan nahi nituzke bi hitz, eta aproposago deritzot gorrotoari erreparatzea harrotasunari baino, ekainaren 28an aise miresten delako bollera eta maritxu politizatuen diskurtsoa, baina kanpotik beti, ahaztuta norbera ere nonbait kokatzen dela harreman hetero-erreproduktiboak soilik zilezgitatzen dituen sisteman. Halaber, autokonplazentziaren aurka, icebergaren gailurrik ez, Algortako erasorik ez, odola emateko irizpide argiki baztertzailerik ez, bai baitakit horiek guztiak tinko gaitzesten dituzuela.

Ordea, egunero elikatzen dugun indarkeria sotilagoaz hitz egin nahi dut, heteroarauaz, noski, eta hortik kanpoko gorputzak batzen dituzten armairuez. Eta libertatearen hooligan porrokatuak esango dit: baina armairuan egotea norberaren erabakia da, ala? Alegia, barruan dagoena aske da irteteko ala geratzeko. Ulertuko nuke atera nahi ez izatea beste garai batean bageunde, adibidez, 2012an, Baionan, protestak egon zirenean gay-ezkontzaren kontra... Baina gaur egun? Armairutarren esku dago.

Meeek, erantzun okerraren turuta. Izan ere: baga, isiltasun-mota horri ez zaio sekula apeta hutsez eusten; biga, aitortzaren ekintza bera da abiapuntutik bortxazkoa; higa, gehienetan heteroarauaren armairua besteak dira, tartean bi andre elkarri musuka ikusi eta hurkoari diotsana: «Niri oso ondo iruditzen zait lesbianen kontu hori, baina ez daukat zertan ikuskizuna irentsi, neska-mutikoak ere ez dira hain nabarmen ibiltzen»; tartean gure talde-iruditeria hau, popatik hartzea iraintzat duena eta souvenir-tixertak sortzen dituena 'I think he's gay —›' esaldiarekin, irrigarria delakoan; tartean zu zeu, Urlia, automatikoki ondorioztatu duzunez Sandia heteroa dela, hark ezer ezkutatzeko asmorik izan gabe, konfesio bat galdatzen diozun hori, delitugilea bailitzan, edo bekataria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.