Albistea entzun

Jon Aizpuru. Mendi korrikalaria

«Berriz sentitzen naiz ultra distantziako korrikalaria»

Mendiko lasterketarik garrantzitsuenean nabarmendu berri da Aizpuru, Mont Blanceko Ultratrailean: hamabosgarren izan da. Hori eginda, arantza atera du, orain bi urte proba utzi baitzuen.
UNAI UGARTEMENDIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2021eko irailak 14

Lasai azaldu da hitzordura Jon Aizpuru (Beasain, Gipuzkoa, 1988). Ez zaio nekerik nabari, eta gauzak ongi egin dituen lasaitasuna nabari zaio. Hitz errazekoa da, gauzak garbi dituzten horietakoa. Azken bi urteetan izandako arazoak albo batera utzi, eta gogotsu begiratzen dio etorkizunari. Kirol arloan, bere mailarik onena erakutsi ez duelakoan dago. Dioenez, asko falta zaio goia jotzeko.

Bi aste pasatxo joan dira UTMB Mont-Blanceko Ultratrailean parte hartu zenuenetik. Zer egin duzu denbora honetan?

Atseden hartu. Lasai egoteko baliatzen ari naiz. Tartean ere bazkari pare bat egin ditut lagunartean. Gauzak patxadaz egin beharra nuen. Azkeneko asteetan nekatuta nengoen entrenamenduekin, eta, gainera, oporretan egonda, dena areagotu egiten da. Gauza ederra da lasai gosaltzea eta janariari asko begiratu gabe otordu eder batzuk egitea. Oraindik ez naiz korrika egiten hasi.

Zer gorputzaldi utzi zizun lasterketak?

Oso pozik amaitu nuen. Orain bi urte ezin izan nuen amaitu, eta alde horretatik arantza atera dut. Hiru helbururekin atera nintzen: lehena irteeran egotea zen; bigarrena, La Foulyko anoa gunea [110. kilometroa] igarotzea; eta hirugarrena, helmuga zeharkatzea. Bukaera oso luzea egin zitzaidan. Col de Ferretera igotzen [105. kilometroa], kopetako argiarekin arazoak izan nituen, eta bi minutuz gelditu behar izan nuen arazoa konpontzeko. Geldialdi hartan hoztu egin nintzen, eta handik gutxira, eragozpenak sortu zizkidan elikadurarekin. Ezin nuen ondo jan, ezta edan ere. Ez nuen aldarte onik izan, baina neramatzan partzialak ez ziren hain txarrak. Lehen hamar postuetatik gertu izango nintzen, eta 24 orduko denbora egitea posible zela ikusten nuen oraindik ere. Saiatu behar nuela konturatu nintzen. Amaitzearekin amesten nuen.

Une gogor haiek nola kudeatu zenituen?

Gaua izan arren, banekien egunsentiarekin batera berriro ere gorputzaldi hobea izango nuela. Berpiztu egingo nintzen sentipena neukan. Hori zen, behintzat, nahi nuena. Ondoren, bultzada handia izan zen niretzat 2019an lasterketa bertan behera utzi nuen anoa gunea igarotzea. Mamuak uxatzeko balio izan zidan handik irteteak. Lasaitasuna sentitu nuen. Ordura arte, denbora batean, hegan joan nintzen, baina ultra distantziako lasterketek horrelako gauzak dituzte. Denetik gertatzen da 170 kilometrotan. Halere, nire aurretik zihoazen korrikalari asko ikusi nituen lasterketa bertan behera uzten, tartean Jim Wamsley estatubatuarra edo Jordi Gamito katalana. Horrek adierazten zidan nahiko aurrean nindoala.

Zein izan zen lasterketa amaitzeko gakoa?

Lehen aipatu dudan bezala, La Foulyra iristea. Lasai hartu eta ondo jan behar nuela konturatu nintzen. Handik, oraindik, beste 60 kilometro gelditzen dira helmugaraino. Banekien gogorra izango zela, baina lesiorik gabe nintzen behintzat; nekea bakarrik sentitzen nuen. Champex Lacera iritsi nintzenean [125. kilometroa], jada ikusi nuen helmugara iritsiko nintzela. Neka-neka eginda nindoan, eta autoa hartu eta etxera joateko gogoa ematen zidan, baina zailena egina nuela pentsatzen nuen. Arantza ateratzetik gertuago nengoela ikusten nuen. Azken kilometroak nola hala amaitu nituen, eta azkenean arantza atera nuen. Helmugan askatasuna sentitu nuen, eta, gainera, etxekoekin batera bizitzeko aukera izan nuen. Azken bi urteak gogorrak izan dira arlo pertsonalean ere, eta alde horretatik ere bizipoza sentitu nuen. Bestalde, UTMBrekin ere bakeak egin nituela sentitu nuen.

Helburuak beteta itzuli zara?

Bai. Lasterketaren une askotan, 23 orduko proiekzioan ibili nintzen, nahiz eta nire partzial guztiak 24 ordutan amaitzera bideratuak izan. Baina denbora aldetik ez zen posible izan. Berriro ere ultra distantziako korrikalari bat sentitzea zen beste helburuetako bat, eta uste dut, hori, behintzat, lortu dudala. Urte eta erdi ondoren hori sentitzea ederra izan da. Pena bakarra zera izan zen azkeneko hamar kilometroetan hiru postu galdu nituela, baina helmugara iristearekin nahikoa nuen. Azkenean hamabosgarren amaitzea lortu nuen. Badugu berriro ere Chamonixera itzultzeko aitzakia.

Azken urte eta erdi arraro honen ostean, nola antolatu zenuen denboraldia?

Urteko helburuak argi zehaztuak nituen; Lavaredo Ultra Trail (Alpeak, 120 kilometro, +5800 metro) eta UTMB izango ziren. Bietarako dortsala ziurtatuta neukan, baina euskal selekziotik dei bat jaso nuen Espainiako Ultra Txapelketan aritzeko, eta Lavaredokoa albo batera utzi, eta selekzioarekin joan nintzen Tenerife Blue Trail lasterketara [Kanariar uharteak, 71 kilometro, +3600 metro]. Han konturatu nintzen ez neramala prestakuntza egokia. Estutu egin beharko nuela UTMBra ondo ailegatu nahi banuen. Pentsa, 2019ko San Silvestre egunetik dortsalik jarri gabea nintzen. 2020rako pentsatuta neukan egutegi bera egitea zen lehen asmoa. Bestalde, argi neukan ez nuela 2019an bezala Ehunmilietan parte hartuko.

2019an ez zenuen amaitu Mont-Blanceko Ultra Traila. Zer irakaspen atera zenuen?

Mundua ez zela UTMBn amaitzen. Ehunmiliak lasterketa irabaztetik nentorren, eta, alde horretatik, lasai bertaratu nintzen. Ez neukan inori ezer demostratu beharrik, ez neukan batere presiorik, eta horrek ere horrelakoetan asko laguntzen du. Lesio bategatik utzi behar izan nuen lasterketa, gainera, eta lasterketa batetik erretiratzeko arazorik ez nuela konturatzeko ere balio izan zidan. Bertan behera uztea tokatu zitzaidan arren, argi neukan berriro ere UTMBra itzuliko nintzela.

Orduan, hilabete eta erdian, 170 kilometroko bi lasterketa egin zenituen. Ez al da denbora gutxiegi bietan ondo lehiatzeko?

Baina zer da bietan ondo lehiatzea? Nire kasuan, Ehunmiliak irabaztea eta UTMBn lehen hamarretan sartzea zen ametsetako bat. Helburu hori lortzeko denbora nahikoa dela iruditzen zait. Agian, Ehunmiliak irabazteak ematen duen gorakadarengatik izango da. Errendimendu aldetik iruditzen zait egin daitekeen gauza bat dela, gehienbat, oraindik ere ez dugulako kirol honetan hainbesteko espezializaziorik izan. Urte batzuk barru, jendea espezializatzen hasten denean, agian, ezinezkoa izango da. UTMBk oraindik ere erdi profesionalak eta herrikoiak batera lehiatzeko aukera ematen du.

Munduko onenekin lehiatzeko gaia baduzula erakutsi duzu urte hauetan.

Bai, eta hori oso polita da. Ni langile xume bat naiz, eta hauek, gainera, beste maila batean daude. Hor goian baldin badaude, gauza askorengatik izango da. Interesa sortzen dute, eta guk, aldiz, ez dugu hori sortzen. Haien ondoan ibiltzea pizgarria da nire gisako korrikalari batentzat. Baina dena ez da korri egitea. Bizitzak beste alde asko ditu.

Gaur egun korrikalari ezaguna zara ultra distantzian, baina zu, ezagun, 2019an Ehunmilietan irabazi eta gero egin zinen. Zer esanahi izan zuen zuretzat hura irabazteak?

Jendeak pentsatzen zuen irabazi arte ez nuela amore emango, baina ez zen horrela. 2017an bigarren izan ondoren, 2018an sentitu nuen presio txiki hori, eta orduan ere bigarren amaitu nuen. 2019an, berriz, lasai irten nintzen. Ez neukan ezer demostratu beharrik. Irabazteak harrotasun puntu bat eman zidan. Askotan pentsatzen nuen: «Orain dela urte batzuk ez zinen hamar kilometro egiteko gai, eta orain begira zer lortu duzun!». Bukaeran izugarri sufritu nuen. Irabaztea izugarrizko saria izan zen.

UTMBra itzuliko zarela aurreratu duzu, baina Ehunmilietara itzuliko zara?

Uste dut baietz. Lasterketa batzuk baneuzkan begiz jota, eta horietako batzuk egin ditut jada: esaterako, Diagonal des Fous [Reunion uhartea, 170 kilometro, +10.845 metro)] eta UTMB. Agian, egiteke Lavaredo eta Hardrock [AEB, 170 kilometro, +10.500 metro] geldituko zaizkit. Atzerrian korritzeko nahi hori ere beteta daukat: Australian, Hong Kongen eta Malaysian ibilia naiz, besteak beste. Eta, bestalde, oporrak ere ondo kalkulatu behar ditut.

Zer eskatzen diozu lasterketa bati?

Ultra distantzian, lasterketa bakoitzak duen historia. Eta, horretarako, askotan ez dago oso urrutira joan beharrik. Haien artean oso gustuko dudan beste lasterketa bat Baigorrin [Nafarroa Beherea] jokatzen den Euskal Trail da. Gustatuko litzaidake hara itzultzea ere.

Ultra distantziako korrikalaria izateko, ez omen dituzu oso entrenamendu luzeak egiten. Hala al da?

Aurten egin dudan entrenamendu luzeena 30 kilometro ingurukoa izan da. Halere, horrek ez du esan nahi gutxi entrenatzen dudanik. Erakutsiko nizuke gustura zenbat ordu egin ditudan entrenatzen. Ia egunero entrenatzen dut. Nekatuta entrenatzen ohituta nago, eta askotan bitan ere entrenatzen dut egun berean.

Nola azalduko zenioke jendeari 30 kilometroko entrenamenduekin horrelako lasterketa luzeetan lehia daitekeela?

Ni ez naiz prestatzailea, eta ezin ditut erabili nekearen kontzeptuak nolakoak diren. Ia egunero entrenatzeak hori dakar, ez dagoela hainbeste kilometro entrenatu beharrik. Niri orain artean ondo joan zait. Nik, askotan, lanera joan aurretik goizean ordubete egiten dut korrika, eta arratsaldean, berriz, serieak pistan. Hurrengo egunean, berriz, 30 kilometro egiten ditut. Esaterako, aurtengo UTMBrako ez dut desnibela hainbeste landu; aldiz, azkartasuna asko landu dut. Kilometroak pilatzea ere helburua izan da, baina astakeriarik egin gabe. Entrenamendu luzeena bost ordukoa izan daiteke, bizikletan hiruzpalau ordukoa, eta, ondoren, beste ordubete korrika. Etxe ondoko ibilbideak oso ondo ezagutzen ditut, eta bertan egiten ditudan denborek erakusten didate sasoiko nagoen hala ez. Gezurra dirudien arren, ia inoiz ez naiz ez Aralarrera, ez Aizkorrira joaten.

Mendi lasterketen munduan bolo-bolo dagoen gaia da profesionaltasunarena. Inoiz pentsatu al duzu denboraldi bat hartu eta kirol honetan profesional moduan probatzea?

Ez nuke hartuko lan baimena, baina bai murrizketa bat. Horretarako, esfortzua ondo neurtu beharko nuke. Etorkizuneko asmoetarako aurreztea tokatzen zaigu gehienetan. Askotan pentsatu izan dut zortzi orduz aritu beharrean sei orduz aritzea lanean, baina horretarako gainkarga bat hartu beharko banu, ez lidake konpentsatuko. Nire kargu hartuko nuke diru galera hori; hori argi daukat. Murrizketa bat hartzeagatik marka edo babesle batek zein lasterketa egin behar ditudan esaterik ez nuke nahi. Orain artean, entrenatu behintzat, profesional baten antzera entrenatu izan naiz. Oso diziplinatua naiz, eta alde horretatik ez nuke alde handirik izango; agian, atseden gehiago izango nuela, besterik ez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

 ©AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA

«Denboraldia motza egin zaigu; orain gaude sasoirik onenean»

Iñaki Berastegi

Arrakastaz beteriko denboraldia izan da Santurtziko traineruarentzat. Gorka Aranberrik uste du «urte osoan» maila «aparta»eman dutela, nahiz eta denboraldi amaierara sasoiko ailegatzea zen helburua.
Tolosaldeako arraunlariak, igoera ospatzen. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Kaikuren itzulera, eta Getariaren eta Tolosaldearen lehen aldia

I. Berastegi

Getaria eta Kaiku Eusko Label ligan ariko dira, Tiran eta Zarautzen ordez. Euskotren ligan, Tolosaldeak Hondarribiaren tokia hartuko du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Unai Ugartemendia

Informazio osagarria

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna